Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
"Poesiarik benetakoena itxurakeriarik handiena"
1958 - 1973
Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
"Poesiarik benetakoena itxurakeriarik handiena"
1958 - 1973
BUKOLIKOAK
1 - HAIZEAK
Sakon sakonean gure bortxen mamian,
Erabat geldi, geure Lehen Aita datza, bere erlojua
Eta neskatila birgina anitz,
Baina auzitegi eta tenplu inguruan
Jotzen duten haize hezurgeek
Metropolia gogorarazten dute
Pliozenoko Ostiralean non,
Haren hats sainduaren eraginez
(Ispiratzeko garaian teleosteo
Edo antropo bat aukeratu balu,
Gure heriotza jazoko zatekeen?)
Burbuilazko garunadun kreaturak esan zuen:
«Maitatua naiz, beraz banaiz».
Eta logika horri jarraitu balio,
Dagoeneko lasai izango zatekeen lehoia
Haurraren aldamenean abaroan.
Haizeek daragite eguraldia: eguraldia
Da jende zakarrengan
Zakar dena eta atseginak
Poz arrunta erakusten du begiratuan:
Gure Benetako Hiriari buruzko
Irudi baten bila nabilenean,
(Zein ziega izuzkotan zehar,
Zein galeria ilunetan barna,
Ibili beharko dugu zealdo edo narraska
«Hara! Begira!» oihukatu aurretik?)
Ezkaratzetan agureak ikusten ditut
Barometroak atzaparrez panpatzen,
Edo belatze bat, non
Paterfamilias bat arin doan
Plubimetroa aztertzera.
Haize eta jakituriaren Jainkosa,
Histasun egun
Haizegabeko batean, izendatu
Eta egituratu ezinean,
Gorputz-keinu ugariko zure poetak
Hatz eginez, hortzak panpatzen,
Belarriko gizgilari tiraka,
Oharkabean Zu inbokatzean,
Erakustazu zure Izaera gozoa, onartzazu
Oilarra edo neskatila txistularia
Arthur O'Bowery-ren bila abia dadin.
Orduan, ilargi-aurpegiko Ergelkeria,
Iruzurgile erudito hori, zelatan
Baldin badago zazpi erresumetan zehar,
Dardarazi itzazu lertxunak,
Zure funtzionaria gaztigatzearren,
Ez dadin hil Sinesle Zaharraren gisa
Sasi-irakurketaren batengatik.
Eta haize ororen artean, ez du axola
Zure hamabietarik zein entzun dezakeen,
Gauerdiko ekinozio zopernak
Uluka belarretan barna,
Edo pinuen firfira
Xaloa udamineko
Arrastiri oskarbian,
Utziozu sentitzen Zu hemen zaudela,
Berba erritual oro
Egokiro egin daitekeela,
Eta egin paregabea
Denarekiko anamnesiaz,
Jadanik kreatura ikusgarria,
Lurra, Ortzea, izen maite gutxi batzuk.
2 - BASOAK
Salbaia hitzak basa esan nahi zuen hastapeneko basoetan,
Piero di Cosimo-k pintatzea hain maite zituen haietan,
Non bilutsik, hartzek, lehoiek, emakume burudun ahardiek,
Irausi eta erahil eta jan egiten zuten elkar, gordinik,
Ez zitzaien otu ere egin tximistak jotako sasia domatzea,
Aitzitik, balditurik, ihes egin zioten gar onuragarriari.
Labe eta egurrez moldatu herrietako barrutietara
Mugaturik, hango jaun eta jabe izaki ehiztariak,
Artean surik antisozialenez ziharduten marmarka,
Nahiz eta Koroiak nola Mitrak beren saldo ergelei
Ohartarazi, alatzearen erritmo asperra onartu
Eta basoratze eskubidea gaitzets zezatela.
Konturik eman eta eskatzen ez duen hotel baten
Bila ari da oraindik asmo erruduna;
Horixe da basoa, eta xarmangarria gainera,
Eta erdi-hobengabe anitzek, akiturik,
Egindakoaren gainean gutizia alegeraz
Kantari zeuden erresinulak salatu zituzten.
Xori haiek, jakina, ez zuten horrelakorik egin,
Eta, salbaia izateari dagokionez, picnic bateko
Erretratoa hartzen baduzu, oi zen motz
Eta zarpail dirudien Koadrilak!, alderatuz gero
Bestelako biziera oparo eta lotura gabekoekin,
Jainko, mamu edo amaginarreben beldur ez direnekin.
Euren etorkizunaren zerraldoen artean
Publikoak gidatu ahal du (ezin kostaldean)
Bere begi gona-eta-merkealdi-zalea,
Eta non lasatu beharko litzateke filologo arrunta
Ez baldin bada itzalaren munduan
Zeina bere ikerketen gai bilakatu baitu.
Doinu zaharrek hezi egiten dute belarri gorra,
Pan-en [1] aita berdea bapatean Morse
Deszifraezinezko eztandaz lehertzean bezala,
Eta kukuak galeseraz trufatzean, eta usoak
Biko familia modernoa hazteko egindako guztiaz
Antzinako ingeleseraz mintzatzean.
Han-hemenka, elementu lasoren bat,
Fruitu umoa edo hosto hilurrena,
Erorketaren hizkera pribatua ahoskatzen ari da,
Eta gizon egin berriak, azken porrotaren artetik adituz,
Nonbait entzun du bere bozkariorik zaharrena
Uraren abarrots hura bezalakoa.
Ongi zaindu zuhaiztiak Gure Anderearen grazia erregutzen du;
Bat edo bat oraindik ez da nazkatu, edo behintzat
Erronkan ari da giza arrazari buruz,
Irauteko zintzotasun nahikoa gordeko duenentz;
Ibilaldi batean kausitutako arbolek
Asko erakusten dute herri baten arimaz.
Azken errautsetaraino kiskaldutako oihan txikiak,
Bihotz usteleko haritzak, auzia argitzen dute:
Gizarte handi hau hondamendira doa;
Abiadura, bata bestearekiko prezioa
Eta jainkoena aipatuz ezin gaituzte engainatu.
Nolako basoak halako kultura.
3 - MENDIAK
Ezagun dut dentista erretiratu bat soilik mendiak pintatzen dituena,
Baina Maisuei ez zaizkie gehiegi axola
Eurek aurpegi sainduen edo aulki oso arriskutsuen
Atzean zirriborratzen baitituzte;
Begi arruntak onaren eta txarraren arteko horma gisa
Antzematen ditu, haur baten modura, Frantzian erriertatua,
Alpeen alde italiarrean negarrez egon nahi zukeena:
Zesar, ordea, ez da pozten gainaldeko herriek
Mapa ilundu egiten diotelakoz,
Ezta Madam ere. Zergatik bada? Izaki serio bat
Garrasika ari baita bide eske.
Eta bitxia da zein usu aurkitzen duzun leku aldapatsuetan
Bekain beltz eta garaiera motzeko inor,
Eskumakilaz margaritei zintzur egiten topatuko duzun morroia:
Lapur ttikiak hiri handitan loretzen dira,
Baina mamu perfektoak gogoratu Drakula
Malkorretako gazteluetan hazten dira. Talde irrigabe horiek,
Egunsentian misterioaren makineriaz leku garaietarantz
Barreiatzen direnak, asaldagarri dirateke;
Badute oreka, kemena,
Eta Izpiritualtasunaren aztura, baina zein Jainko
Zerbitzatzen du euren Ordenak?
Gizon zibila hiritarra da. Hartu beharko ote nuke,
Beraz, Lake Distritoa, [2]
Pianoa bezala, asmaketa burgestzat?
Bada, ez dut nahi. Nola liteke, orain
Egon nahi baitut geltoki batean Penrith-en, [3]
Zurich, edota edozein bidegurutzetan, espresoa utzirik,
Fite arroilan barna jiratuko den tren lokala hartzeko zain.
Tunelak hasiko dira agudo, baserri gorriak desagertuko,
Larresiak murru itxuraldatuko,
Behiak ardi bilakatuko, sats-ikatza edo pinua usaintzen
Ari zara, lehendabiziko urjauziak entzuten,
Eta horma bat zirudiena mundu bilakatu da
Berezko neurriez
Eta berriketa estilo propioaz. Haragiarekin konpontzeak,
Gau eta egun izotz-harrizko aingeruak inguruan,
Edozein garapen gorroto dutela
Argi utziz, ez du errazten ahalegina
Izendatzeko eufemismoen bilaketa:
Hemen bidertzeko gurutzeek irain fisikoaren lekuko dira
Eta toberak ere
Ekintza hutsetara mugatzen dira; «Oi, nire neskak goloa du,
Nik zulo bat nere zapatan!»
Latza. Haatik, aterbe ona. Ahuntzen atzetik doan mutiko hark
Leinu baten kaskezur borobila dauka,
Brontzez armaturik metal gogorrago baten aurrean ihes egin zuenarena;
Eta jaun zahar eta isil hura,
Arrano Beltzan gela merke bat zeukana, hiru
Egunkariren jabe zen baina orain ez dute aintzakotzat Gizartean:
Baserri horiek ikus dezakete arnasestuzko gobernu bat etortzen;
Neroni nordiarra naiz, baina hala ere
Askoz nahiago nuke han egotea
Non urka araz nazakeen hurbilena
Gailur batzuk urrunago dagoen.
Goxo-goxo egotea, katua
Ganbarako teilatu beroan bezala,
Han non urmael goibel baten seme adoretsua
Lasterka datorren larre berdetik barna,
Distirant, poema txinar batean bezala lore sorta
Eskisitoz atondurik, bien bitartean, aski gertu, benetako maiteak
Otordu ederra prestatzen duelarik, zenbat denboraz
Poz nazake? Bost minutuz? Katua ez bezalako
Kreatura erratuari
Bost minutu, mendi ederrenean baldin bada ere
Izugarri luze zaizkio.
4 - AINTZIRAK
Aintzira bat edozein aitek, patxadan ibiliz,
Arratsalde batean inguratzeko tamainakoa da,
Eta ematen du edozein ama gurik bere haurrei,
Oherako ordua delakoz, jostaketatik itzul daitezen deitzekoa:
(Edozer handiagorik; Michigan edo Baikal,
Edangarri izan arren, «itsaso alienagarria» da).
Aintzirako jendeak ez du deabrurik behar erne egoteko;
Sasitza kiskalietan beren itzalekin liskarrean
Diharduten erromantiko oiherrendako uzten dituzte bortxak:
Laku-giroan hilabete bakarra aski da
Arerio ibaitiarrak elkarrekin bals dantzan hasteko
Berrosaben irain errimatuak botatzen aritu ordez.
Ez da harritzekoa Kristaugoa abian ez jarri izana harik eta,
Torturak orbaindurik, leize eta gartzelen zioz zurbil,
Euren buruzagi gogoetatsuak Ascania [4] aintzirara bildu
Eta zikoinez jositako kostalde hartan
Jainkoaren bizia asmatu arte, katoliko bihurtuz
Hiru arrain txikiko hirukia.
Norberak ondoan beharko lituzke Atzerri Ministrari axeriak,
Zeren eta, nahiz alde nahiz kontra ibili, bideak
Iturburu likido batez uztartuko baititu haien sorbaldak
Bi asto zahar ponpaketa lan astunean bezala;
Horrelako erruki fisikoak beharbada ez du bermatuko
Euren armaden ezkontza, baina laguntzen du.
Soilik gizon oso makur eta harroputz batek,
Atlantiko erdian nonbait hondoratzear,
Pentsa lezake bera dela Poseidonen bekain beltzaren arrazoia,
Hala ere humanoek bakarrik sinets dezakete
Glaziar aintzirako andere txikia maitemindu egin dela
Ito izan dituen igerilari urriekin.
Nola izutzen garen hiriko ur edangarriaren aurrean
Zein erreal garen ohartzean,
Nonbait badira ur-biltegiak, nonbait urzaindariak,
Aiduru dituztelako ustez: Webster-eko [5] Kardinalak
Eskuaredun zera izugarri bat ikusi ei zuen arrain-urmaelean;
Neronek ezagutzen dut horrelako putzu bat Sussex-en. [6]
Aintzira sorgindu bat, haatik, eri da, normalean;
Gure ukimen sukarrak sendatzen ditu ikusmen munduaz, non
Mokoak mutu diren abarren gisa eta aurpegiak jabal etxeen gisa;
Ur-arrubioak ez deritzo toki aski kilikagarria,
Eta, txalupek ferekatzean hotzikarez eztitzen bada ere,
Ez du sekulan urik edo mailegurik eskatzen.
Geure Natura zaletasuna, aintziren amoranteena lez, onbera,
Zakur amorratuen eta giza-tranpen nahiarekin batera dator:
Eroriko bakarra, gabetze bakarra, aski da, barka iezadazue;
Zergatik eman beharko nioke Eden [7] Aintzira Nazioari
Edozein Jack edo Jill hilkor laku amniotikoren bateko
Iratxoa izan delakoz-edo?
Zail samarra da neronek inoiz zisne bat edukitzea,
Edozein tombolo tikitan dorre bat eraikitzea,
Baina horregatik ez diot galdetzeari utziko zein
Aintzira mota aukeratuko nukeen, ahal banu,
Harribilekoa, osina, ferratua, distiranta, zuloa, kraterra, lubera, botxoa...?
Izenon ahoskatze hutsa hain da lasaigarria.
5 - IRLAK
Saindu zaharrek katuekin errotarrien gainean
Nabigatzen dute itsaso zabaleko irletarantz
Non beren oturuntza mehatxatu ahal duen
Emasabelik ez baitago.
Legearen beso luzea baino harantzago,
Untzi portu baten ondoan,
Piratek euren irletako zuloetan
Piraten araudia gordetzen dute.
Segurtasunarekiko obsesioa
Gailentzen da Subiranoengan,
Bere Gorentasunak zein herriak,
Irlak hautatzen dituzte gartzelatzat.
Behinola, orain mundutiar atzipetuek
Espetxe lanak egiten dituzten lekuetan,
Euren Hobbes-ak irakurri gabeko
Espezie suntsituek ihardun zuten.
Kalte kontinentala eginik,
Hondarreko irlara baztertua,
Napoleonek bost urte gehiago ditu
Bere buruaz mintzatzeko.
Zein txundigarria den
Kide bakarra naukan gizatalde hau!
Safo, Tiberio [8] eta neroni
Itsaso aurrean elkarturik.
Zer abegitsuago barnekoz kanpora itzulitako
Laku baten kostaldea baino?
Nola ausartzen da jende guzti hori
Hemen inguruan ibiltzen?
Biluztasun demokratikoan
Dautza euren sexuak; adina edo pisuagatik
Ez balitz ez zenuke bereiziko
Nor den zaintzailea, nor zaindua.
Badoaz, badoa, bazoaz, banoa,
Lehorreko bizimodura:
Laboraria eta arrantzalea
Bata bestearen ongiaz bekaitz.
6 - LAUTADAK
Aski aise irudika dezaket
Kostalde deslai bateko kai hondatuan,
Oharkabeei tragoskak osten, ondra txarreko
Gizon zahar liskarti baten akabera, asma dezaket
Bigarren haurtzaro bat ibarrean, bertso
Hezikor eta irakurtezin piloa zirriborratzen;
Baina ezin ikusi dut lautada bat hotzikararik gabetanik;
«Oi Jauna, otoi, otoi, ez ni han bizitzera behartu inoiz!»
Beldurgarria da pentsatzea zein fin egiten duten gailurrek,
Nola garaitzen dituen euri mokokari eta glaziar zanpatzaileak
Harriaren hantusteak, hor jainkosak dautza lo
Zizelen baten musuak esna ditzan ametsetan,
Astakirten itsu horiek igaro ondoren utzitakoa
Sustanzia hutsa baino ez da, eltzegilearen zaflada
Jasaten duen buztina, inguratutako edozein espazio
Asexuatuko duen legarra.
Eta leku guztiak berdinak diren lekuan haztea pentsatzea!
Nonbait mendikate bat dagoen bitartean ameslariak
Lurralde miresgarria koka dezake; ibar txiroetan
Umezurtzak badoazke errekan behera milioi baten bila;
Hemen mugarririk ez; Arte eta Zientziaren artean hautatzeko
Enbrioi-jenio batek zotzetara egin beharko luke.
Baserri horiek askatuko balira, zer egin lezakete hodei gisa
Jitoan ibili baino? Zein xede antsiatu Itsas-Armada ez bada?
Amodioa? Ez eguraldi honekin. Ovidioren [9] xarmatzailea,
Arkadian zaldigurdiak gidatzen dituena, bihotzen
Jainkokumea, Bai eta Ezetzak bere baitan dauzkana,
Txoriburu izaki, fite hilen litzateke hotz edo insolazioz;
Bizi horiek esku errimeagotan daude; Emakume beltzuri zaharrak,
Sonbreiru gabekoen itsumustuko zitak bideratzen dituenak,
Herri-aferak sortzen ditu. (Oinazea sehaskari!,
Oinazea marrubiei kasketaldia baldin badu!).
Eta horiei eskaintzen diete arreta, oiloen gisa gose eta lakarrago
Edozein egurasti baino, Zesarrek eta Haiek guztiek,
Zerga biltzailea muinoetan desagertzen bada,
Noizean behin basozaina oihanean tirokatzen badute,
Ondoren ez dator tximistarik, baina bidea laua denean,
Zein agudo abiatzen den Koroa protesta gunera.
Urkatu egiten du, zigortu, isundu, badoa. Edaria badago,
Emakumeak astintzeko, badaude. Zeus indartsuen alde dago,
Ohi legez toki txikiren batean jaioak badira ere (irla batean,
Sarritan, non mutil azkarrak aurki baitezake
Kanoiak portua menera jarriko lukeen gailurra),
Hemen giltzapetzen dira Klio-rekin. [10] Lats
Honetan Zimitarra Fedegabea geldiarazi zuen Balezta Kristauak;
Haize errota honetatik ikusi zuen enperadore batek
Bere eskubiko armada-aldea arrailtzen, aza-soro hauetatik barna
Egin zuen azken erasoa enperadoregai baten Zalditeriak.
Lautada gizona banintz, gu denok gorrotatuko nituzke,
Ogi merkeagoren aldeko matxinada mekanikotik hasi eta
Dastamen gogaikarrira arte, gorrotatuko nuke margolaria ere
Nire zimurrak bere Hamabi Apostoluetarako ebatsi dizkidana,
Baita euria egin arazi ezin duen apaiza ere.
Zertaz barre egin goldearen gibeletik nabilelarik
Ez bada ibai ulukarietako irudi odoltsuez?, marmore izutuez?,
Eta axolara derrigortutako Ez-dit-Axolaz?
Dena den, bi ameskaiztotako paisaia bezala agertzen zaizkidalako
Soilik ezagutzen ditut neronek;
Horietan barna, armiarmen urrutiko behakoan, ihes egiten
Saiatu naiz, gordeleku zein laguntzarik ez dela jakinik;
Horietan zehar, zohargi distiratsuetan, bidea galdu dut
Eta deslai aurkitu itzalgabeko
Desolazio pairaezinaren erdian,
Tarkino [11] larrujotze osteko tristuraz zurtua bezala.
Frogatu da, beraz, beldurtzeko arrazoirik badudala
Ez lautadez, noski, neronez baizik. Gustoko nuke
Nork ez? ongi tiro egitea edo obeditua izatea,
(Gustoko nuke baita ere bi irteerako kobazuloa edukitzea);
Honen ergela ez banintz, sikira! Nahiz zelai hauek poetikoak
Direlako ustea ezin ezkutatu, batzutan on da
Gogoraraz diezaguten ezer ez dela eder,
Ezta poesia bera ere, egia ez dena portzierto.
7 - ERREKAK
Ur maitea, ur garbia, jolastari erreka orotan,
zu bizitzan barna lasterka edo pausuan zaren artean,
nork ez du maite zure ondoan esertzea, zu aditu eta zu ikustea,
izaki aratz, musika eta mugimenduz perfektoa?
Haizea harroskoa da batzutan, lurra baldarra, sua zakarra,
baina zu, zure jitean, beti zara orbaingabea,
mintzo dotorekoena Natura Anderearen
etxeko zerbitzari zahar orotarik.
Inork ez du uste trufatzen zarenik, zeren eta
zuk oraindik ezusteko istilu haren bezperan, Babel
erdi-bukatuko masa-araska guztiak birrindu zirenean
erabiltzen zenituen hitz berberak erabiltzen baitituzu.
Eta artean zure buruarekin solasean: inon ez arbuiatua;
bularra uztaituz, basaltoko lakatzetik jauzika,
igeltsu zurian barna arrapaladan, geldiro
merla gorritatik zehar, erromes aborigena,
etxean nonahi, zu gabe izanen ginateke
haitz bakarraren idolatrak, gure paisaietatik
hastanduak, arroztzat baztertuz
Beste estratu guztien ipuin eta dietak.
Nola maita genezake urrundua zuk urrinetik
etortzen jarraituko ez bazenu, edo lagunduko ez bazenu,
Tristan desiratuaren zumezko nota zartatuak
Iseult dorreaz harantz eraman zenituenean bezala?
Eta Homo Ludens zure haurra bide da, gure landez
barre dagiena tamaina bereko hondar-metak paratuz,
tuparria Lutegietatik Mutegietara aldatuz,
eta alderantziz zuk sigi-saga egin bakoitzean.
Hazkuntzak ezin ezer gehitu zure kantuari: lats bataigabe gisa
xingurriei xurxulatzen diezunaren baitan dago
Brahma-ren seme gisa, eskailera titanikoa Assam-eraino
jaitsiz, Himalaiako hartzei durrundatzen diozuna.
Eta gizonak ere ezin zaitu hondatu: bere konpainiak
arrosa eta zakurrak lakartzen ditu, baina turbinan
lan egiteko ugatea igaroz bideratuko bazintu
edo lorategietan bere atseginerako eduki,
hala ere orbaingabea litzateke zure heiagora, ur, eta
hor ere, dena delakoz amorratutako bihotz zikinari
mintzo zatzaizkio beste mundu batez,
bekaitz eta pasaportez josi honetatik
oso bestelakoa hau bezalako polis batetik
zeinari, mundu osoko akademiko ororen izenean,
obedientzia zin egin zion Gaston Paris-ek [12]
Bismarck-en setio-armak entzun zitezkeenean.
Aspaldion, Yorkshire-ko [13] haran eder honetan,
non, arrakaladatik arrapaladan, Kisdon Beck-ek
haur algaraz jauzi egiten zuen Swale-ra, [14]
Lo kuluska egin nuen une batez belarretan,
eta han nengoen croquet jokoari begira
bazter bare batean, birigarro koadrilekin:
bailara hotz hartako jokalari guztien artean
nere maitea zen hoberena mazoarekin.
Anartean, inguruko belardietan, agure basak
ehizean ari ziren pala eta mailuz, denak monomaniatikoak,
megalito eta fosilen bila, eta
pagadi gorolditsuetan barneratzen ziren hegazti ikerlariak.
Bapatean lasterka hasi ginen larre gainetik
ezen, hara!, arbola artetik, krema-urrezko gurdian
bi lokomotora-kumez garraiaturik,
heriotz eskifaien jainkoa heldu zen guganantz,
ekaitzekin barre eta zeru urdinekin negar dagiten
aitonen-seme iletsu eta arropa berdezko zaindarien babesaz;
Goratzarre txaloak eskertu zizkigun,
eta pasio hilgaitza agindu X eta Y-ri.
Zuziaren mugimendu batez abiarazi zuen dantzaldia;
hegan ari ginen borobilean, nire maitea ondoan,
esnatu egin nintzen. Baina egun hari zoriontsua
eritzi nion nire ametsagatik eta argitsua,
eta inoiz baino maiteago, ur, zure ahotsa, giza arrazarekin
bat egiteaz alegera bailegoen jainkoak daki zergatik
gizonik kaskarrenari ere desiratuz
bere oparotasunaren figurak, bere leku sagratuak.
[1] Pan: jainko greziarra; ahuntz belarri, zango, bizar eta adarrekoa; fertilitatearekin lotua.
[2] Lake Distritoa: Ingalaterra iparraldeko eskualdea; bertako paisaia maiz agertu izan da erromantikoen poesiagintzan.
[3] Penrith: Cumbria (Lake Distritoa) konterriko hiria.
[4] Ascania: Turkiako lakua, garai bateko Konstantinopla hiri ingurukoa, non egin baitzen Nicea-ko kontzilioa.
[5] Webster: Massachusettes inguruko lakua.
[6] Sussex: Ingalaterra hegoaldeko konterria.
[7] Eden: Lake Distritoko lakua.
[8] Tiberio: enperadore erromatarra (k.a. 42-k.o. 37); agintaritza utzi eta Capri irlara erretiratu zen.
[9] Ovidio: poeta erromatarra (k.a. 43-18); poema mitologiko eta arinak idatzi zituen.
[10] Klio: Poesia epikoaren eta Historiaren musa.
[11] Tarkino: Tarkino Erromako azken erregeren semea; emakume erromatar bat bortxatu zuen eta horrek eragindako matxinadak monarkiaren amaiera ekarri zuen.
[12] Gaston Paris: filologo frantziarra (1839-1903).
[13] Yorkshire: Ingalaterrako konterria.
[14] Swale: Yorkshire iparraldeko ibaia.