Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
"Poesiarik benetakoena itxurakeriarik handiena"
1958 - 1973
Aurkibidea
Aitzinsolasa
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
1927 - 1932
1933 - 1938
1939 - 1947
1948 - 1957
"Poesiarik benetakoena itxurakeriarik handiena"
1958 - 1973
HAMABI KANTU
1
Hiri honek hamar mila lagun ditu,
Jauregietan bizi dira batzuk, zuloetan bizi dira besteak:
Jada lekurik ez guretzat, maitea, jada lekurik ez guretzat.
Bagenuen herria, hura bai ederra,
Atlasean begiratu eta aurkituko duzu:
Ezin harat joan orain, maitea, ezin harat joan orain.
Eliz ondoko hilerrian dagoen hagin zaharra
Udaberriro loretzen da ostera:
Pasaporte zaharrek hori ezin, maitea, pasaporte zaharrek hori ezin.
Konsulak mahaia panpatu eta bota zuen:
«Pasaporterik gabean ofizialki hilak zaudete»:
Baina artean bizirik gaude, maitea, baina artean bizirik gaude.
Bilera batera joan nintzen; leku egin zidaten;
Hurrengo urtean itzul nendila eskatu gizalegez;
Norat joko dugu gaur, maitea, norat joko dugu gaur?
Mitinean hizlaria altxatu eta bota zuen:
«Hemen jarraitu ezkero, eguneroko ogia ostuko digute»;
Zutaz eta nitaz ari zen, maitea, zutaz eta nitaz ari zen.
Ostotsa entzun zen burrunbaka ortzean;
Hitler zen Europan gaindi erranez: «Hil beharra dute»;
Gu gintuen gogoan, maitea, gu gintuen gogoan.
Ikusi nuen ur-txakurra jakara orratzez josia,
Ikusi nuen ate irekia eta katua sartzen:
Ez ziren Judu alemaniarrak, maitea, ez ziren Judu alemaniarrak.
Portuan behera joan nintzen eta kaian nengoela,
Arrainak ikusi nituen igerika aske bailiren:
Soilik hamar oinetara, maitea, soilik hamar oinetara.
Basoan nenbilela, txoriak ikusi nituen zuhaitzetan;
Ez zuten politikaririk eta beren gisan egiten zuten kantu:
Ez ziren giza arrazakoak, maitea, ez ziren giza arrazakoak.
Milaka solairuko eraikuntza ikusi nuen ametsetan,
Milaka leiho eta milaka ate;
Ez zen bat bera ere gurea, maitea, ez zen bat bera ere gurea.
Elurra mara-mara lautada izugarrian;
Hamar mila soldadu harat-honata:
Zure eta nire bila, maitea, zure eta nire bila.
2 (CALYPSO)
Gidari, gidatu fiteago eta zoaz azkar
Sprinfield Line-tik zehar eki distirantepean.
Egin hegan aireplanoak bezala, ez gelditu,
New York-eko Grand Central geltokira arte ez balaztatu.
Han itxarongelaren erdian izanen da
Nik gauza guztien gainetik maite dudana.
Hirira ailegatzean ez bada nire zain
Espaloian aurkituko nauzu negarretan.
Bera baitut neronek mirezkoa,
Perfekzio eta ontasunaren gailurra.
Eskua hartu eta maite nauela dio,
Nik horri berezitasun harrigarria deritzot.
Oihanak berde bixiz daude kalertzetan;
Arbolek dituzten maitasunak nireaz bestelakoak dira.
Baina deskapotableko bankari lodikote zaharrak
Ez ditu bere puroak besterik maite.
Elizako edo Estatuko Buru banintz,
Nik sudurra hautseztatu artean zain edukiko nituzke.
Maitasuna garrantzitsu eta ahaltsuagoa baita
Apaiza edo polizia baino.
3
Milia geldi eta dohatsuak bero,
Gutizien kosta zuriak hedatzen,
Onespen argiak egun handi osoa
Bete du, eta brilant da
Maitaleen besoetako mundu ttikia.
Isiltasunak inbaditu ditu baso arnasberak
Non soinatal logaletuek gorde duten altxorra,
Orain itzal ezaguna berde abailtzen ari da
Bekoki lokartuetan barna
Eta irribarrera dakartza sekretuak.
Berpizturik! Itzuli da! Azkenean, galdutakoa
Etxe naufragatuen itsasoan sortu da:
Hara! Laudoriozko sutan erretzen ari da
Iragan lehor mutua, eta guk
Bizitza-egun osoan ez dugu inoiz gehiago partituko.
4
Ekar ezazu uraz gaindi,
Eta arbolapean utzi
Non basusoak zuritzen baitira gau eta egun,
Eta haizeek lau haizetara
Goxo, goxo, goxo kantatzen dute maitasuna.
Para iezaiozu urrezko eraztuna hatzean,
Estutu zure bihotzaren kontra,
Lakuko arrainek argazkiak egiten dituzten artean,
Eta igelak, kantari odoltsua,
Goxo, goxo, goxo kantatzen du maitasuna.
Kaleek gainezka eginen dute zure ezteietan,
Etxeak jiratu eginen dira begiratzeko,
Mahai eta aulkiek errezu egokiak esanen dituzte,
Eta zaldiek zure orga gidatuz
Goxo, goxo, goxo kantatuko dute maitasuna.
5
Txakurrak: Kreatura arruntak erdizkako bizia darama,
Gizonak adimenez eta sudurrez ehiza txakurrak;
Nik eman ahal dizkiodan emozio sakonak behar ditu,
Bere baitan ehiza-barruti zabala usaintzen dut.
Katuek: Kidea kidearekin, aritzea jabaltzea da
Eta gizalegea sustraia bada, maitasuna lorea;
Gugan du gogoa eta guk beregan maiz
Ordu bakartietarako pasioa antzeman dugu.
Katuek: Hotz eta harro gabiltza
Berak eraiki etxe gurbilen inguruan.
Txakurrak: Ibilaldi orotan jarraitzen natzaio,
Mirabe fidela eta itzal maitakorra.
6
Osinera so egin dute begiek,
Begitik behera datoz malkoak;
Dorrea arraildu egin zen eta
Neguko ortze ekurutik erori.
Gauerdiko harriaren pean
Ehortzi dute lapurrek amodioa;
Bihotz ebatsia gorputza erregutzen ari da,
Kondenatuak hostoak lez murmurioan.
Ahozpez zihoan erreka mukuruan behera
Zegoeneko esatekorik gabe,
Gorpua soldaduek hartu,
Saskildu eta harrika bota zuten.
7
Inozokeria ilunaren kutxa
Arruntean dautza tropoiluan
Orkidea, zisnea eta Zesar;
Guztioz nekatzen den denborak
Sarraila oro uhertu du
Dostetan giltza harrika botaz.
Trufatu egiten da arroilako uholdea
Joandako egunetan negar orotarik
Irabazi atera zuten profetez,
Jada ez dira pertsona grata;
Eta asto-hizkuntzak harritu egin ditu
Hizjokoka jardun baizik ezin duten poetak.
Isiltasuna erlojuetan pausatu da;
Ugatz-amek erakusle hatza ortzerantz
Maltzurra seinalatu dute,
Arrats gorri;
Azeriaren bailaran
Leinuru dagi pistolaren kanoiak.
Behinola egin ahal genituen nasak,
Orain beranduegi da hegan egiteko;
Behinola zuk eta biok
Ez genuen behar genuena egin;
Arroka aldakor eta malkortsuetan
Zakar eta zartakor korrika dagite okerrek.
8
Nahiz eta zenbait Naturak giza-begiei
Loaldirako alternatiba,
Negarrerako aukera
Besterik eskaini ez,
Nork errefusa dezake?
Akatsa ez da gaztaroan akabatzen
Ezpada ugaldu egiten gizonarengan;
Egia orok, soilik egiak,
Garraiatzen ditu Akusatzailearen
Gezur lausoak.
Nahiz eta graziazko suren batek
Gure hilezkortasuna bisitaturik
Iragandako ezezagun baten
Edo ibaiko zisneen bidez
Gure bizitza muineraino hunkitu,
Bekaitzak poseditzen ditu bihotzak
Goresten duten une beretik;
Pozteak, bedeinkatua izateak,
Arrisku larrian
Kokatzen gaitu.
Nahiz eta deabruaren mirakuluak
Musuen bidez nola
Egin daitezkeen guk antzeman ez,
Afroditaren lorategia
Eremu ibilia da;
Maitaleek promesen seinaletzat
Paratutako ikurren bidez,
Begiradaz, suspirioz,
Deitzen dute batzarrera Bata
Tropela deritzona.
Gu, ene laztana, gure bekatuengatik
Elkarrekiko atsekabean bizi gara,
Irakur ezazu begi eta esku erituetan
Nola hautsi genuen manu dibinoa
Eta Deabrua zerbitzatu.
Nor da pasionatzeko gauza
Zigorra hastera doanean?
Oi ene maitea, Oi ene maitea,
Elur eta suzko gau honetan
Salba nazazu Deabruarengandik.
9
Neure buruari galdetzen diot,
Nola ausartu natzaizu begietara so egiten
Bi aldiz pentsatu ondoren?
Zein eskubide daukat
Eguerdiko ordubatean bada ere
Hil arte maitatuko zaitudala zin egiteko?
Lurrak gezur-prezioko krimen
Interesgarri anitz kausitzen du;
Hitza eman badezaket
Barkamena hamaika aldiz
Errepika daiteke
Denboraren baitan. Absurdoa.
Tempus fugit. Benetan.
Beraz akaba ezazu edaria.
Haragi oro lasto da. Hala da.
Horratik nork iger dezake,
Bihozbipil ala bihozbera,
Zer ekarriko duen honek?
10
Gora, gora, gora
Egiten dio oihu catadoup xuxenak
Hari gor-gorrari
Aurrera, aurrera, ostera
Bakarka edo multzoka,
Gizon diplomatiko ahulek
Argitxo hil erronkariz
Agurtzen dute gau abaila.
Adimenez edo adimen ezaz,
Erauntsiz edo azaleko barealdiz,
Gauza orok du bere izan nahi iluna,
Eta bere izenera lerratzen da;
Xarma adeitsuko haurrak
Edo bapateko ekintza laidogarriak
Tigreak, garo itogarriak,
Munduarekiko maitasuna goresten dute.
Orok, orok dauka eskubidea aldarrikatzeko,
Inor ez da nahikoa gizon
Sinpleki, publikoki, han egoteko
Enfasi pribaturik gabe;
Horrela da nire maitasun haragitua,
Sentimendu gehienak bezala,
Erdi gezur, erdi egia,
Hurbil zakizkidan eskatuz.
11
Kantatu, Ariel, [1] kantatu
Ezti, arriskutsu
Kanpoan ur geldi
Eta uherretatik,
Argiro kanpoan
Zuhaitz lokargarritik,
Liluratu, sumindu
Bihotz ernegatua
Mundu latz hau
baino abesti emeagoz,
Jainko gupidagabea.
Oi distirant, garden,
Banantzeaz,
Gorputzaz eta heriotzaz,
Kantatu, antsikabe horrek,
Gizona, neu esate baterako,
Orain lez, beti esate baterako,
Maiteminez ala gabe,
Esateak esate,
Dardarka abiatu da
Atsekaberako
Pasabide isilean.
12
Sexu-guda Amonen triskantzarekin amaitu zenean,
Donado baten haurra aurkitu zuten, beren azpian itorik ia;
George izena jarri zion norbaitek eta hor bukatu zen dena;
Armadara bidali zuten.
George, etorberri zaharra,
Nola sartu hintzen Armadara?
Arrazoitiko Gibelamenduan alde egin zuen bere zaldi zabukarian
Eta pozik bizi izan zen emaztea jipoitzeaz aspertu zen arte;
Betarruekoak txikitu, txeke-taloia eta gabardina ostu zizkion,
Orduan Armadarako bidea hartu zuen atzera.
George, numero zaharra,
Nola sartu hintzen Armadara?
Azukre-Arrazionamendu aurretik bizar-labanak erabiltzen zituen
Eta berehala atera zitzaion birginidadearekiko alergia;
Aurkitu zuen sendabidea, baina ez zuen patentatu,
Beraz, berriz bueltatu zen Armadara.
George, gautxori zaharra,
Nola sartu hintzen Armadara?
Bizioaren Aurkako Kruzadetan moskobiarrek kontratatu zuten,
Eskimalen artean desodoranteak errezetatzeko;
Katarro arrunt bat hartu eta whisky-meatzetara kondenatu zuten,
Baina balantzaka itzuli zen atzera Armadara.
George, enperadore zaharra,
Nola sartu hintzen Armadara?
Bakea ohorez sinatu denetik bere negozioetan dihardu;
Baina, kasu, horra Nagikeria, uniformea botonatuz;
Errugabeen sarraskia egiteko prest:
Hemen dator, etxera, Armadara.
George, torero zaharra,
Ongi etorri ostera Armadara.
[1] Ariel: Shakespeare-ren The Tempest antzezlaneko pertsonaia; Auden-en iritziz errugabezia ordezkatzen du, onaz eta gaizkiaz haratago dagoena.