Poema antologia
Poema antologia
W.H. Auden
itzulpena: Juanjo Olasagarre
1994, poesia
170 orrialde
84-86766-55-9
W.H. Auden
1907-1973
 
 

 

BOST KANTU

 

 

                —1—

Zer duzu gogoan, ene usapala, ene kuttuna;

Lumak lez hazten direa ideiak, hilak bizi-amaiera?;

Larrua jotzea dea ala dirua zenbatzea

Ala harribitxiak ostea, lapur baten asmoak?

 

Ireki begiak, ene maite laztana;

Ene ihesa zure eskuez ehizatzen utzi;

Ezaguna arakatzeko keinuak egin;

Egun zuri epelaren gainean egon.

 

Altxa haizearekin, ene suge handia;

Isildu xoriak eta ilundu airea;

Alda nazazu izuaz, une batez bizirik;

Jo bihotzean eta ukan hor.

 

 

                —2—

Bozkarioak gure zain estuak

Borbor jarri zituen gauean,

Goizeko pistola danbaren

Distira espero genuen.

 

Baina goizak iragaiten utzi gaitu

Eta egunak joan egunak etorri

Soseguak irri urduriak baretu ditu,

Bakearen sinesmena landu.

 

Miliaz milia ez da ikusi izan

Inolako mugalariren destainarik,

Eta amodioaren betaurreko hoberenek

Bere lurraldeez haratago ezin dute ikusi.

 

 

                —3—

Zergatik honen erraz

Zergatik horren txiki,

Zergatik hain ongi

Erdibidean izanik,

Halaxe da diot nik.

 

Nor dabil norekin

Maindireek dioskute,

Nola zu hala ni

Gabiltzala musu-muin,

Enkontrua gertatu,

Zentzuak lehertu.

 

Patua ez da berandutu,

Mintzo idatzirik ez,

Hitz ahantzirik ez,

Hasieran esandakoa

Bihotzaren inguruan,

Bihotzez, bihotzari.

 

 

                —4—

Gauak isil direnean ikusia.

Baba tankerako irla,

Eta gure zerbitzari komiko zakarra.

Zelatan dugu begira.

 

Oi balkoia eta fruitua,

Bapore txikia badian

Uluz uda asaldatuz:

Urruti joana zara zu.

 

 

                —5—

«Oi, nora zoaz?» esan zion irakurleak zaldunari,

«Bailara hura fatala duzu labeak sutan direnean,

Erotu egingo zaitu hango zimaurtegi kiratsak,

Handiak itzultzen diren hilobia duzu zulo hura.»

 

«Oi, akaso uste duzu» esan zion izutiak erromesari,

«Iluntzeak atzeratu eginen zaituela pasagunerako bidean,

Zure begirada zorrotzak nabarituko duela gabezia,

Zure urratsek somatuko dutela granitotik belarrerako aldea?»

 

«Oi, zer zen xori hori» esan zion horroreak entzuleari,

«Ikusi al duzu forma hura zuhaitz makurren artean?

Zure gibeletik arin-arin dator figura, leun,

Gaitz nardagarria da zure larruazaleko orbaina.»

 

«Alde etxe honetatik» esan zion zaldunak irakurleari,

«Zureak egin du» esan zion erromesak izutiari,

«Zure bila dabiltza» esan zion entzuleak horroreari,

Eta hantxe utzi zituen, eta hantxe utzi zituen.