Aurkibidea
Aurkibidea
ZHUANG ZHOU-REN AMETSA
Arratsalde osoa
idazten eman ondoren
lotara noa
eta idazten jarraitzen dut
ametsetan.
Orduan idazten ditut
agian
poemarik ederrenak
baina esnatzean
ez ditut
jada gogoan.
Esaldi haiek
joanak dira ordurako
lurralde urrunetara,
munduaren
beste puntara.
Beste idazle batek
—Polonian, Turkian,
edo Malaysian beharbada—
jaso dituela
sinistu nahi dut.
Horregatik agian
identifikatzen garela
gure antipodetan
idatzi zituzten
testuekin.
Zerbait gurea
sumatzen dugulako
lerro, hitz
eta arnasaldi haietan.
Posible ote da
nik idatzitakoa ere
lurralde urrunen batean
lotara joan eta
ametsetan idazten
jarraitzen duen
norbaiten hitzak izatea?