Urari ostutako poemak
Urari ostutako poemak
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-59-1
azala: Oihana Leunda
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

MONASTERIOA

 

Nire etxea da nire monasterioa.

Bertan dakusat mundua dena,

eta munduan banengo ikus ez nezakeena.

 

Hormetako margolanetan dakusat

itsasoa,

beti mugitzen,

ez atzerago ezin aurrerago,

bere babeslekua aurkitu ezinik

lurbira osoan.

 

Leihoan dakusat

distantziaren krudeltasuna

paisaia edertzen,

gorputzak ematen dizkit

jatorduetako ezkilotsak,

eta interesgarriak ez zaizkidan

helburuez betetako marea bat da mundua,

aldika trumoitsu,

tarteka soilik baketsu.

 

Intsentsuaren keak

sortzen dituen kiribiletan

aurkitzen dut

zerurako lehen atea,

airea zeharkatzen dakien hori.

 

Gauerdian erretzen dudan

haxixaren keak

irekitzen du

zerurako bigarren atea,

neure baitan dagoena.

 

Bosteraino kontatzen jakitea

aski zait bizitza ulertzeko.

Bost: nire bakardadeak dira bost.

Lau: nire lagunak dira lau.

Hiru: nire ilusioak dira hiru.

Bi: nire amodioak dira bi.

Bat: heriotza da bat eta bakarra.

 

Musikaren beilazko ametsetan bildurik

unea gozatzen ikasten ari naiz,

«hemen» eta «orain» bizitzearen

intentsitatea dastatzen.

Iragana eta geroa

bosgarren solairutik erortzen uzten ditudan

petaloak dira,

kategoria astunegiak zorionerako.

 

Nire etxea da nire monasterioa,

eta gauero begien aurrean

iratzartzen den eternitatea

eskaintzen zait,

hirugarren atea zeharkaturik

—itzulerarik ez daukala jakinda ere—,

bertara joan nadin.

 

Milaka bider ikararik gabe

egin dudan bidaia honetarako

prestatzen ari naiz nire monasterioan,

beti ezberdina baita

zeure baitara burutzen duzun

bidaia bakar hori,

etxerako itzulera betirakoa.