Urari ostutako poemak
Urari ostutako poemak
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-59-1
azala: Oihana Leunda
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

HAMARKADA BATEN KRONIKA

 

Sarea bota zenidan

eta arrain bihurtu nintzen.

 

Musu nerabeak eman zenizkidan

eta printzesa sentitu nintzen.

 

Laztanez asetu ninduzun

eta urtu egin nintzen zure besoetan.

 

Udaberriko euritan biluzik

emakume egin ninduzun.

 

Esposatu ginen egunean

lurreko zeruan sinistu nuen.

 

Behin aitzakiak jarri zenizkidan

eta errua besarkatu nuen.

 

Hurrena gezurra esan zenidan

eta terapian hasi nintzen.

 

Zure irainei arrazoia ematearren

ezdeus bihurtu nintzen ezertan.

 

Gau batean labana erakutsi zenidan

eta ikara infinitua bihurtu zen beila.

 

Behin bizkarra eman zenidan eta

haratago mundu bat zegoela ikusi nuen.

 

Beldurra galdu nuen orduan

eta indar-lore bat aurkitu barruan.

 

Azkenean agur esan nizun

eta neu izan nintzen.