Aurkibidea
Aurkibidea
TELEGRAMA BAT
26 urte eman ditut telefono dei honen zain.
Ahots dardarti bat, indarge,
airea ekarri ezinik,
«Ni izan nintzen!» esanez bafada batez.
Nahiago nuen aurrez aurreko
aitorpen bat, agian, bere xumean.
Ospitalean bisitatu dudanerako
lasaigarriekin hormatua zuten
bere kontzientzia
esnaerarik ez daukan lozorroan.
Baina koman daudenek badute
euren kondena:
entzuten jarraitzea.
26 urtez gorde dudan istorioa
xuxurlatu diot astiro, neure xumean.
Nik lagun bat nuen, maite-maitea,
ez zuen denbora asko
atzerritik sorterriratu zela,
kargu publiko hura onartu ondoren.
Lehen ostiral hartan
iraganaz aritu zitzaidan,
bizitakoaz, eta, batez ere,
bizitzeari utzitakoaz.
Leku berean egin genuen
hurrengo ostiralerako hitzordua,
Lamia kafetegian,
eta ordu berean, goizeko hamarretan.
Orainaz aritu zitzaidan,
itxaropenaz,
eta denon lubakiak estaltzeko
denok behar genuen begirada garbiketaz.
Bizkartzainik gabe ibiltzen
ez ote zen beldurtzen
galdetzera ausartu nintzaion:
Hori duk nire lehen jauzia,
doan ematen diodan besarkada
etsai-haizeari.
Hirugarren ostiralean
goizeko hamarretarako iritsi zen
Lamia kafetegira,
puntual,
zuk abisua pasa zenien
haiek bezala.
Azkarra izan zen ekintza
militar milimetrikoaren abiadura:
aurpegi estali bat, bi tiro,
lurra jo zuen gorpua
eta odola,
hartu gabe geratu zen
kafearen eternitatean.
Telefonoa jotzen hasi zen
hildakoaren patrikan.
Isiltasun elektriko hura
aski izan zuen emazteak
—morse kodean idatzia bailitzan—
gerta zitekeena
gertatua zela jakiteko.
26 urte, baina badirudit
bi telefono deien artean
ez dela instanterik ere igaro,
etengabea izan baita nire itauna,
ez lorik kendu
ez antsietaterik sortu zidana,
esaldia osatzeko obsesio
soila zeukana baizik:
«Nor izan zen?».
Nor, lehen egunean bistaratu gintuena,
bigarrenean leku eta ordu berbera
errepikatzen zirela baieztatu
eta hirugarrenerako
hiltzaile talde hari
abisua pasa ziona?
Memoria estutuz, egun haietan
nire begiek fitxatu zituzten
aurpegi guztiak errepasatu ditut
26 urtez, nor ote zinen
jakiteko beste helbururik gabe.
Ez damurik, ez gorrotorik,
ezer misteriotsurik ere
ez nuen espero
zure begi-hodietan.
Zuek erailtzeko zeneukaten
kirol-antzeko jokaera baino
ez da izan nirea ere.
Eta orain badakit asmatu nuela,
26 urtetan alboratzen
joan naizen bisaia guztietatik
aurpegi hau berau zelako
geratu zitzaidan aukera bakar,
hau berau delako
zure heriotza hurbila
iragartzen duen
aurpegi zurbila.