Urari ostutako poemak
Urari ostutako poemak
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-59-1
azala: Oihana Leunda
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

BIDAIAREN AMAIERAT

 

Hitzekin gara elikatzen

eta haiekin

gure arazoak gizendu baino

ez dugu egiten.

 

«Itsasoa» deitzen diogu

inoiz gehiago bere saihets-muinetan

—haren azalaren kolore aldakorretan—

ikusiko ez dugun mirariari.

 

Hitzak ditugu elikagai

eta haiekin daude eginak

zorigaitzaren espetxe ugari.

 

«Porrota» deitzen diogu

berez hiru urterako

zen amodioaren etenari,

bizi osorakoa sinistu genuelako.

 

Hitzek informazioa dakarte

esperientzia baino lehen,

eta haiekin daude oskoldurik

ahanzturaren bisaiak.

 

«Begira amapolak!» esandako unean

uzten diogu amapolak ikusteari,

etiketa izanen dugu aurrerantzean

jakinduriaren ordezkari.

 

Isiltasunera bidaiatzea da nire bokazioa,

etxalde bat non

zazpi leiho eta hamahiru ate

zabaltzen diren

hegoalderantz.

Etxalde bat,

munduan dagoena

baina munduarena ez dena,

desleku baten

helbide deskatalogatua

seinalatuz ilunabarrean.