Urari ostutako poemak
Urari ostutako poemak
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-59-1
azala: Oihana Leunda
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

EZ DA BIZITZA

 

Ez da bizitza egunero

igarotzen dena,

gu baizik, orduero,

bizitzaren baitatik goazenak

zirkinik ere eragin gabe betikotasunari.

 

Inongo jainkok ez gintuen aukeratu

eta ez dugu bere errukia

irabazi beharrik izan.

Erlojuaren orratzak gure aspermena

neurtzen zuten amesgaizto bihurtu zirenean

ihesi joan ginen, urrun,

hain urrun non

geure burua aurkitu genuen:

han zegoen, herabe eta uzkur,

gure izaera, nortasun-mozorroa jantzita,

ispiluetan multiplikatuz

gure misterio gosea.

 

Ez da bizitza igarotzen dena

egunero, orduero,

gu baizik bere baitatik goazenak

betikotasunari espasmo txikienik

eragin gabe.

 

Ohituren errepikaketan

izerdi asko isuri dugu

berritasunak sortzeko unean

arima izozten zitzaigulako.

Tradizioa deitzen genion frakasoari,

eta antsiolitikoekin ezabatzen genuen

kaxkarkeriaren ispiluan

multiplikaturiko samina.

Basamortua bustitzen ez duen langarra

zitzaigun jakinduria,

ikasi behar ez zena ahaztu ezinik

ikasi nahi genuena

badakigula konturatu ginen arte.

 

Ez da bizitza uneoro

igarotzen dena,

gu baizik bere baitatik ihesi,

gure ezerezean dena daukagula,

unibertsoa ere badaramagula

ahaztu genuen

egunaren bila.