Aurkibidea
Aurkibidea
WATSAP
Argazki bat bidali didate mugikorrera.
Hilotz bat ageri da bertan,
ni neu.
105 urte dauzkat
hiloztuko naizen eguneko argazkian,
geroak onartu balu bezala
orainak present bihurtzeko dagion gonbitea.
Gertatzen dira horrelakoak denboraz
beti mesfidati izan garenon espazioan.
Lihozko arropek estaltzen dute gorpuzkila,
kresal idortuzkoa da
mahaitik behera lerratzen den oihala.
Aurpegi hori,
erabat ezaguna ere ez zaidana,
barrezka ari da
solemnitatearen hitz anpulosoei.
Aseturik hil da
gorpu horretan bizi zen
mixurka-bihotza,
aurkitzen zuen oro
plazer oso bihurturik.
Asetu zituen grinak,
loria-nahiak eta jakinminak.
Asetu zuen sukarrik aseezinena
—sexua—
behin eta berriz adin guztietan
loratzen zitzaiona,
obulu bakar bat ere ernarazi gabe.
Borrokatu zuen
giza hierarkia guztien aurka,
eta ihes egin zion beti
—patxada erradikal baten ganoraz—
botere nahiari,
bere kiratsa
harremanak mingosten zituenean
jasanezina baitzitzaion,
baita fisikoki ere.
Bidaiatu zuen, alderrai eta noranahi,
bakardadez bakardade,
eta bidaiatzeari utzi zionean
ohartu zen iritsi zela
beti egonen zen lekura.
50 urterekin gertatu zitzaion hori.
Eta bizitzak beste 50 urte eman zizkion
—5 urte zientziaren opari izan zen—
ikasteko behar izan zuen denbora bera
izan zezan ikasitako moduan bizitzeko.
Geroztik ez zion uko egin ezeri,
baina ezeri ez zion eutsi nahi izan.
Utzi dena libre,
datorrenari
eta doanari
xuxurlatuz
azken argazkirako prestatu zen arte.