Urari ostutako poemak
Urari ostutako poemak
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-59-1
azala: Oihana Leunda
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

MAITASUNA ZELAKOAN

 

Emakume asko izan da nire bizitzan,

baina maitasunik ez da hainbeste izan.

Amodioa emakumeekin identifikatzea

izan da nire akatsa.

 

Samurtasunaren beharrean zaudenean

nola pentsatu hori horrela ez denik?

 

Ez nuen hartzen jakin

askok eman nahi izan zidaten maitasuna.

Eta ez nuen ikusten jakin

maitasuna ematen zidatela uste nuen batzuek

ez zidatela maitasun askorik eman.

 

Neuk ere ez nien denei

maitasuna eman nahi izan,

eta eman nahi izan nien askori

ez zitzaien aski maitasun iruditu.

 

Malkoak sarriegi agertzen hasi zirenean

egia bat margotu zuten

nire begietan:

itsasora botatzen diren

loreen antzeko zaizu maitasuna,

eder beren koloretan,

antzu beren ezdeusean,

eta sentimenduekin

su-festak egiteari uzteko

agindua jaso nuen.

 

Hori izan zen nire borroka nagusia:

Maitasuna eman duenaren

lasaitasuna sentitzea

eman ez zuelako

errudun zatekeenaren

harrabotsetan.

 

Amodioa uberarik gabeko

jario bat dela

ulertu nuen arte,

biltzen gaituen hozkirri askea,

ez eman eta ez hartu daitekeena,

gure kalkuluekin

inoiz ezer jakin

nahi izan ez duen altsuma.