Urari ostutako poemak
Urari ostutako poemak
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-59-1
azala: Oihana Leunda
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

EMOZIO BATEN PREZIOA

 

Londresko artezale baten etxera

sartu da Renoir, Pierre-Auguste.

Ez da oso ezaguna artean,

baina iragarle aurreratu batzuk

hasi dira usnatzen

etorkizunean izango duen

ospearen izurra

margolariaren paletan.

 

Gela dotore batean,

maina bereziz argiztaturik,

maisulan kuttunena erakutsi dio

artezaleak, bere ohorea

eta gutizia:

«Hona Rousseauren paisaia bat,

ez da batere ezaguna!».

 

Renoirrek irri egin du,

deabrutxoak ninietan dantzari,

ezagun duen koadroari begira:

aurrean dauka gaztetan

margotu zuen paisaia hura,

Henri Rousseauren erara,

sinadura eta guzti

faltsutuz jostari.

 

Renoirrek ez dio ezer esango

—nor da bera ilusioak birrintzeko—,

zabalik utziz horrela

hainbat dilema:

margolana norena da,

Rousseaurena ala Renoirrena?

Obra faltsua da,

ala benetako Renoir bat dugu?

Zeinen prezioan saldu liteke gaur,

Rousseaurenean ala Renoirrenean?

 

Zein da emozio baten prezioa?

Erantzuna zeluloidean ehunduko da

ehun urteren buruan

Giuseppe Tornatore-ren

«Cinema Paradiso» filmean.

Kritika txarrak ditu Italian,

gutxi iraungo du aretoetan,

baina ikusle aurreratu batzuk

hasi dira usnatzen

etorkizunean izango duen

loriaren lurrina.

 

Siziliako zine areto bateko jabea

liluraturik dago, beha eta beha,

irudien ternezia isuriari,

eta dohainik eskaini du

filma ikusteko sarrera:

«Gustatzen bazaizu

irteeran ordaindu».

Doan sartu den jendeak

malkotan blai ordaintzen du

irteeran bere emozioaren

prezioa.

 

Hartara,

Amara Oliveira 82 urteko

amona brasildarrak ere,

bizitza osoa zine bateko

txartel-saltzaile gisa eman arren

inoiz film bat ikusteko

sosik izan ez zuenak,

ikusi ahal izango zuen

emozioen sorrera

pantailatik behera.

 

Ba ote dauka gizakiak

ardura handiagorik

poemak, kantuak,

filmak edo artelanak

nork bere emozioen arabera

ordaintzen ikastea baino?