Aurkibidea
Aurkibidea
NEGUKO HONDARTZAK
Maite ditut neguko hondartzak,
jarraitzea neguak haiengan
uzten dituen lorratzak
begiaren bidaiak bailiren.
Txirla, maskor eta muskuilu,
itsasoaren kexu
oinpean nola kraskatzen diren
sentitzea, intzirika.
Neguan hondartza
jenderik gabe, eguzki-jale edo
bainularien umezurtz datzana
nirea delako dena.
Beste negu batzuetan ibilitako
hondartzen gomuta dakar gaur,
hondartzak, basamortuaren hedadura
daukan nire bakardadera.
Itsasertzeko etxeak
isil eta huts daude,
denbora iraungitzen duten
hilkutxa histuen gisan.
Harea zakarra da, minbera
—ai oinpeko urradurak
bihotzekoen ahanztura balekar—
urdinarrea eguzkiaren agurra.
Zilarrezko kolore hozbera zeruan
haizeak aurpegian zauri,
harrabotsaren odolak jotzen ditu
ene belarrietako karakolak.
Maite ditut neguko hondartzak:
aleka erauzten dituzte galburuak
denboraren gezur-mintegian
agerian utziz
egia dardarti baten sorburua.