Aurkibidea
Aurkibidea
ERLOJUAREN AMETSA
Denbora asmatu zuenak
—orduak gure menera
makurtu nahia—
ekintza militar bortitza
gauzatu zuen
izakien arteko oreka
purtzilaren aurka,
jakinduriari abiadura
kontrajarriz.
Bata motel, bestea bizkor;
bata geldo, bestea zizpuru;
bata lehor, bestea umel.
Iritsia zen bitasuna
deblauki
batasunaren lilura ilauntzera.
Denbora asmatu zuenak
aspermena ernaldu zuen,
norabait iristeko
geratzen den denbora
betetzen asmatzen
ez duenaren kondena,
unerik pizgarrienak
beti gero
—bihar, etzi, geurtz—
iritsi zain
datzanaren etsipena.
Orduak igarotzen ari direla
uste duenak
ez baitu ikusten
egote hutsaren probetxurik.
Denbora asmatu zuenak
«mugimendua» bilakatu du
bidaiaren epiteto nagusi,
eta leihoaren aurrean
munduaren kontenplazio
infinituaren miran
laketzen zirenak
desagertu egin dira
telebista aparailuak
gure etxeetako leihoen
neurrira ekoizten
hasi zirenetik,
denbora asmatuz
aspermena ernaldu zuenaren
ekintza militar bortitzari
ezinbesteko
babes publizitarioa
eskainiz.