Aurkibidea
Aurkibidea
EURI TANTAK
Eta bidean akituta
aurkitzen zarenean
jakin ezazu
badirela hiru leku
bakearen pausatoki,
haiei begira
inoiz aspertuko ez zarena:
sua,
itsasoa
eta maitearen begitartea.
Sua, izartegia margotzen.
Itsasoa, infinitua iratzartzen.
Maitea, ilunabarra argitzen.
Hiru leku horietan biltzen da
gizakiaren obsesio nagusia
—kontzientziadun izan aurreko
batasun uste oparoa—
baketu dezakeen
sentipen abaroa.
Baina erne:
Sua, Itsasoa, Maitea
lipar batez ere
haserraraziz gero
enbataren basakeria oro
erakuts dezaketen
leku berberak
baitira.