Urari ostutako poemak
Urari ostutako poemak
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-59-1
azala: Oihana Leunda
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

IDAZLEAREN ESNAERA

 

Idaztea hitzekiko inozotasuna galtzea da,

eta bizitzako gertaerak

argi berri batez janztea;

idaztea ilunpeari orduak jatea da.

 

Idazleak kea margotu diezaioke

itzalita dagoen sukaldeko tximiniari;

udazkenaren koloretan

hanpurus dagoen basoari

ikara bat ipin diezaioke,

hotzikara bat

bakardadearen arima berari.

 

Ezer ez da dioten bezalakoa,

esan dezake idazleak,

ezerk ez gaitu garenak izatera behartzen,

dena alda baitezakegu

aldatu egin garela esanda soilik.

 

Baina ez da eskua idazten duena,

begirada baizik.

 

Idazleak ez dauka beste botererik:

patrikan daraman libreta zirriborratuz

mundu berri bat jendearen eskuetan

jartzeko ahalmena;

bere hitzak izan litezke

isiltasunean egoteko modu berri bat,

edo bidaia abiatzera

bultzatuko zaituen egunsentia.

 

Baina ez da begia irakurtzen duena,

bihotza baizik.

 

Idazle batengana bazoaz

ez joan diru bila,

misterio baten bila baizik;

bere hitzen lantegi gorian

bereizten ikasiko baituzue

funtsezkoak diren gauzen

edo ezertarako balio

ez dutenen artean.

 

Ez baita bihotza esnatzen dena,

kontzientzia baizik.