Urari ostutako poemak
Urari ostutako poemak
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-59-1
azala: Oihana Leunda
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

GEREZIEN BRISTADA

 

Ezagun dut elizan

sartu den emakume ile horia.

Askoz gizenagoa da

—30 urte bataz beste—

nire oroimenean bizi den

bederatzi urteko ume hura baino.

 

Sara zuen izena,

eta behin gereziak

jaten egon ginen

arbolara igota,

elkarri ahora eskainiz

fruituaren haragi samurra.

 

Ez dut gehiago

halako gerezirik aurkitu

hipermerkatuetan.

 

Gure arbolakoak euskaldunak ziren,

Sararen ezpainak Sevillakoak,

baina artean ez nuen

«mestizaia» hitza ezagutzen.

 

Soilik gerezi bat

hatz artean hartu

eta haren ezpain ertzean paratu,

horixe izan zen dena.

 

Inoiz ez dut ahaztu

Sarak niri begiratzeko

zeukan modua,

eguzki errainuek itxiarazitako

begi ñabar haiekin,

ahoan urtuko zitzaion gerezia

ezpainetara hurbiltzen nionean.

 

Gaur elizan berriro

begiratu nau;

ez-ezagutuarena egin du,

baina ezezagunari

eskaintzen zaion liparra baino

gehiago luzatu da

gure artean zirrara.

 

Itzalia zen haren ninietako

eguzki-izpi lisatua,

begiratu arren

aspaldi ikusteari

utzi diotenen

opakotasun mortuaz,

ezertarako balio ez duen munduak

bizitzaren irudimena

irentsi balio bezala.

 

Baina haren begirada

amatatu egin dela

ikustea baino

larriagoa litzateke, beharbada,

pentsatzea nire begiradak

ez zuela izan, inoiz,

ezer liluragarririk harentzat.

 

Hori da, agian, gaur elizan

gure begiek adostu duten

hitzarmena,

elkarri minik ez egiteko

itun sakratu bat,

arrangura eta herra

guztietatik aske

urteen eramana

elkarri leuntzen

lagunduko diguna.