Aurkibidea
Aurkibidea
BIDAIAREN TRENPUA
Bidaia grina baten legamiak
haizatutako oihal txuri bat da.
Irudimenean egunsentitzen da,
eta etxeko abegia
utzi aitzin ere
bizi ditu bidaiaren ideiak
gure hezur-muin
eta arnas-mamiak.
Lehen pausoekin lurreratzen da
airearen lainezan zetzan asmoa.
Ez du presarik izanen
bere patua burutzen,
bidaiak ez baitaki
—gure burmuinaren ernegaziorako—
denbora kudeatzen.
Erosotasunik apurrenak aski zaizkio,
eta soberan egunaren orduak
eta urtearen elurteak.
Zure bidaiaren abiapuntuko
espazioa familia izanen da.
Benetako munduaren
miniaturazko antzezpen bat,
aktorerik bikainenak
zure mesedetan,
eta zu zeu, oharkabean,
parte hartzaile obran.
Berdin dio tragedia, drama
edo komedia suertatzen den.
Ez da garrantzitsua.
Bizitzan dena da bizitza,
ez dago tenpu morturik,
bidaiak ez du bereizten
ordu asko eta gutxiren artean
ez duelako ezagutzen
«atzo», «bihar» edo «gero»
gerta litekeen espanturik.
Ez du gogaitzen
iritsi bitarteko asperdurak,
iritsitakoan ere
bizirik darraielako
orainaren abenturak,
baitaki hasiera orotan
zerbait amaitzen dela,
eta amaitzen denetan
zerbait hasi.
Bizitza bera da bidaia nagusia;
bidaia, bizirik gaudeneko
eskaintzen zaigun
jakinduria iturri.
Bizitza, bidaia
eta haien gerizan
zu eta ni.