Aurkibidea
Aurkibidea
EGIAREN BILA
Egiaren bila abiatu nintzen
mundurat jaio orduko,
eta bular handi bat aurkitu nuen
begien aurrean.
Neure burua baino handiagoa,
hura izan zen hilabete askotan
nire bizitzaren zentzua.
Egiaren bila abiatu nintzen
lau urte bete orduko,
eta eskolara eraman ninduten
anaia zaharraren eskutik.
Mundua hitzek definitzen dutela
ikasi nuen,
baina ametsak babesteko
isiltasuna dela tresnarik egokiena.
Egiaren bila abiatu nintzen
hamar urte lortu orduko,
eta aguazilaren aurrera
eraman ninduten zakar.
Lapurtzen genituen gereziak
pribatuak zirela ikasi nuen,
sakratua dela
natura mugatzen duen legedia.
Egiaren bila abiatu nintzen
hamalau urte berotan,
eta auzoko neskaren bular
sortuberriak ukitu nituen.
Zaplaztekoak ezarritako muga berrian,
gorputz haren jabetza
Elizarena zela ikasi nuen,
plazeraren ukamena dela zigor bibliko bakarra.
Egiaren bila abiatu nintzen
hamazortzi urte hippytsuekin,
loreen artean maiteminduta eroriz.
Bakardadeari beldurra ezagutu nuen,
familia bat osatzeko gutizia,
baina goiz batean katu esnatu nintzen,
eta ihes egin nion
legerik krudelenari, ezkontzari.
Egiaren bila abiatu nintzen
berrogei urte borobilekin,
baina ajeak bi egun irauten hasi ziren
eta sexuaren indarrak apaltzen.
Gorputzaren finitudea ezagutu nuen,
eta galdera baten zirrara:
gure energia mugatua bada
zer dago gugan mugatua ez dena?
Egiaren bila jarraitu nuen,
eta hirurogei urterekin
gauzak jakitetik jakintsu izatera
dagoen bidea sumatu nuen.
Uko egin nion ikasitakoari,
ekaitz batek ekaitz izateko
nire hitzen beharrik ez daukala
ulertu nuenean.
Azkenik, heriotzaren bila abiatu nintzen
laurogeita bost urterekin,
dotore jantzirik, eta pozik:
nire eguna zen.
Baina azken unean mila aldiz hila
nintzela ulertu nuen deblauki:
izatearen eta ez izatearen artean
ez dagoela alde izpirik.
Ez behintzat beldurtzeko adinakorik.
Barrez hasi eta barrez joan nintzen,
jaioberrien negarra egiaz barrealgara
hutsa dela jakin nuen une berean.