Aurkibidea
Aurkibidea
ASKE IZATEAREN IKARA
Asko desiratu izan dut
laudatua izatea, loriatua,
kaxkarra nintzela entzuteko aukera xumeenak
izutzen ninduen aldi berean.
Hitz ederren bila ateratzen nintzen orrietara
anonimatora zigortua izateko ikararen itzalak
atzetik jarraitzen zidan bitartean.
Emozioz itxoiten nuen norbaitek balio nuela
eta onena nintzela idatziko zuen orena,
baina dardaraz bizi nuen
beste batek mediokritatea
aurpegiratuko zidan eguna,
iritsi baino askoz lehenagotik ere.
Urte askotan izan nauzue esklabo
lausenguak eskaintzen dizkidazuenok,
gehiegitan izan nauzue mendean
kritika txarrak botatzen dituzuenok.
Aseezina zen nire talentuaren
baieztapen egarria,
eta gozakaitza ukapenak
haragi-bizian urratutako zauria.
Gogor-itxurak egiten nituenean
ahul-ahula nintzen,
baina etsipenaren aurkako indarra
ateratzen jakin nuen nonbaitetik.
Laudoriozko hitzik gabe
eta ahantzezinak zitzaizkidan
erasoetatik landa ere
jarraitu dut idazten,
jarraitu dut kantari.
Inorekin alderatzeari utzi nionean
lortu nuen aske izatea,
eta besteek nitaz zuten ikuspegitik
kanpo atera nintzenean
asetu ninduen —estreinakoz— neure lanak.
Eraikia nuen inoiz deusezten ez den zubia:
bihotz batetik beste bihotz batera
zuzenean doana.