Urari ostutako poemak
Urari ostutako poemak
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-59-1
azala: Oihana Leunda
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

BEGIRADAREN MENDEAK

 

Emakume bat ikusten duzunean

zeri begiratzen diozu lehendabizi?,

galdetu izan didate kazetariek maiz.

 

Jaio orduko bular-buru bat

bilatu nuen bezala,

—gosea baino gehiago

ikara baretzeko—

geroztik izartegi izoztuaren bakardadetik

babestuko nauen begiradaren bila

eman dut bizitza.

 

Lehen minutu haietan

bizirik eduki ninduen berotasuna

daraman begirada,

azal hezearen lurrinean

hezita dagoen aberri baten segurtasuna

eskaintzen duen hori

bilatu dut beti

emakumearengan.

 

Maitemintzen direnean

bioleta bihurtzen

diren begiak.

 

Lehen argialdi hartan

amarena izan zen

begirada bera eduki dute

nire bihotzean antzigar-ildoak

ireki dituzten emakumeek,

zotal-lorez apaindutako

begizulo dotoreak.

Beste gorputz batzuen edertasunean

ez dut denbora asko iraun izan.

 

Lehen emakume haren

begirada bilatu dut,

hizkuntza berbera zekiena,

desanparoaren izkinarik galduenean ere

etxean sentiarazten zaituen hura,

bizitzaren lehen arnasaldian

hartu ninduen begi-zohardi bera

izan dadin

betirako itzalaldiaren orduan

joaten utziko nauena.