Aurkibidea
Aurkibidea
POESIA ESAN
Poesia esan
eta tximeleta baten hego-ikarak
datozkit sabelera hegan,
poesia esan eta
posible zelako institutu hartako horma
zarpailduak deblauki udaberritzea.
Poesia esan eta
soldata baten mendean bizitzera
kondenatuak geunden morroien patua
eraldatu genezakeen;
poesia esatea aski zen
gaztaro likits hartako sexuaren
lupetzean lotoa ernaltzeko,
loreen eta erleen arteko
txirli-txorlo baporetsua hedatzeko
gogo debekatuen zingiran.
Poesia esan eta kiratsak
labanda lurrina isurtzen zuen.
Poesia esan eta salbatzen ginen
Hezkuntza sistema toxikoaren zigorretatik.
Poesia esan eta hartzen genuen arnasa
arrunkeriaren uhin gasoilduetan.
Poesia esan eta bagenekien ez genuela
iraultzaren beherapenak saltzen amaituko
udaletako batzar aretoetan.
Poesia esan eta maiatzeko belarretan etzaten ginen
ametsik puruenekin mozkortuta.
Poesia esan
eta tximeleta baten hego-ikarak
datozkit sabelera hegan,
poesia esan eta
posible delako ukitu ezin diren
aberastasun guztiak ekartzea
udaberriaren hondakinen erdira.