Aurkibidea
Aurkibidea
MORROIAREN ASKAPENA
Zer dakigu heriotzari buruz?
Ezer ez,
beste batzuek kontatu digutena besterik ez.
Ezin heriotza ezagutu
bizirik gaudelako.
Baina nortzuk ziren
mendeetan heriotzaz idatzi duten horiek?
Gure moduan bizirik zeuden beste batzuk.
Guk ez baldin badakigu
ezer heriotzari buruz
zergatik sinesten dugu
haiek zerbait jakitera iritsi zirela?
Heriotza arazo bihurtu dugulako.
Arazo batek konponbidea eskatzen du,
eta haren opari ilunkara
gizaldiz gizaldi argitzen ez bada,
izu-ikara bihurtzen da.
Beldurra dugulako sinesten ditugu
gure moduan beldurrez zeuden beste batzuek
idatzitako sinplekeriak.
Gizaki beldurtiak ez baitu jakinduria bilatzen,
sineskeriak baizik.
Ez du nahi jakitea, sinestea baizik.
Heriotza, ordea, ez da arazo,
misterio bat baino.
Eta misterioak bertan murgil zaitezen
eskatzen dizu,
zu baino handiagoa delako haren orbana.
Bere barrenean hartuko zaitu
eta ez alderantziz.
Albo batera utzi beharko dituzu
ezarri zizkizuten
aginduak, dogmak, ipuinak
eta gauza ankerragoak.
Zama horrekin baldin bazoaz
ez zara misterioan urtuko.
Flotatzen geratuko zara
ikaraz beterik,
konturatu gabe ikara horrek
besteen morroi bihurtzen zaituela.
Heriotzaz idaztea aldez aurretik
gerra galdua dela jakinda ere,
horretan hasten garenoi
dilema garbi bat zaigu ageri.
Bi aukera bakarrik daude,
ez lau edo hamasei:
edo bizi zara eta ez dakizu ezer,
edo hil zara eta dena dakizu;
jakin gabe idaztearen absurdoa,
edo jakitearen isiltasuna.
Ondorio honek poema hau berau ere
baliogabetzen digu,
baina joko erretoriko bat eginez
hasierara itzul gintezke, galdetuz:
Zer dakigu heriotzari buruz?
Eta galdetu aurretik ere
bagenekien erantzunera iritsiko gara
behin eta berriz:
Ezer ez.
Hala ere testu hau idatzi beharra neukan:
orain, aurrerantzean ez dut
berriro galdera hori
erantzun beharrik izango.