Aurkibidea
Aurkibidea
GAZTEA ETA AGUREA
Gaztea osasuntsua da,
beroa, odola bor-bor
zainetan zarrastel,
badu indar bat
harrotasunaren gailurrak
igota ere
ezer gutxira iritsi dela
sentiarazten diona.
Bere azal leunaren eskalan
tatuaturik daramatza
—ikusezin baina zaporetsu—
edertasunaren hitzak:
kresalaren begi lirainak,
lurrinaren eztitan
eta maindireen freskura
goizalbaren eskura.
Haragiaren zauriek
ez dute ikaratzen,
ez baitu ezagutzen oraino
sahatsazalezko bihotzean
eragingo dizkioten ebakiek
ez dutela mugarik
denboran.
Baina berak ez daki
bere ahalmenaren berri
eta ezin asmatu du
zoriona non bilatu,
jeloskor, konplexuz beterik
susmotxarpean mustulpika
eztanda arriskutsuen alartzean
egiten du lo
ilargien txotxongilo.
Zaharrak, aldiz,
ez du etxe hurbiletik
asko urrundu nahi izaten,
esku irmoz oratzen dio
txoko ezagunaren karelari;
aspaldi jakin baitzuen
—inoiz ez ahanzteko moduan—
ahula dela haren hezurdura,
irudimena soilik
duela indartsu.
Badaki, baita ere,
gizakiak bere izuak
agertzen diren lekurantz
abiatu behar duela,
baina beti aukera ezagunen alde
egiten ohituta
ez da ausartzen ahal
irudimenak agintzen dizkion
paradisuetarantz.
Eta gorputzari
—laster gorpu izanen denari—
lotuta bizi da,
inoiz askatasuna
ezagutu ez dutenen
—eta literaturak maiz
jakinduriatzat izan duen—
etsipen basati baten
zamapean makurtuta.
Batek ez dakienaren
eta bestea ausartzen ez denaren
zirkuluak osatutako hesian
lerratzen da
—motel, oso motel—
gizateriaren ibilbide etsia.