Aurkibidea
Aurkibidea
EMILE GRIFFITH-EN BI OINAZEAK
Emile Alphonse Griffithek
24 urte dauzka 1962an,
galtza ilunak daramatza
eta 68 kilo eman ditu baskulan.
Bere aurrean Benny Kid Paret,
galtza zuriekin,
welter pisuko txapelduna.
«Marikoia!» deitu dio Griffithi
—aurrez jokatu dituzten
bi borrokaldietan bezala—
trufa eta txantxa artean.
Lau egun barru
Madison Square Gardeneko
lapikoan, izerdi irakinetan,
Griffithek konorterik gabe
utziko du Kid Paret
hamabigarren asaltoan.
Txokoan, soka eta ukabilen
artean hesitua,
29 zartadarekin
txikituko dio aurpegia,
kolpe zuzenak, gantxoak,
crochetak arnasaren gibelera.
Kid Paret ez da gehiago esnatuko.
Hamar egun barru
hilko da ospitalean,
Griffithen biografiako
zoritxar nagusia bihurtuz.
Ruby Goldstein arbitroak
izututa
ez du borrokaldi gehiago zuzenduko.
Griffith hotelean ezkutatuko da,
jendeak listua jaurtitzen dio
aurpegira kalean:
batzuek gizon bat hil duelako,
besteek gizonekin oheratzen delako.
Heterosexuala da, bisexuala, gaya.
«Emakumeak gustatzen zaizkit,
gizonak ere bai,
ez dakit zer naizen»,
adieraziko du Sports Illustrated-en,
«berdin maite ditut
emakumeak eta gizonak».
Zahartu zenean, burua galdu aurretik,
gogoeta egin zuen
liburu baterako,
zein arraroa den guztia esanez:
«Gizon bat hil nuen
eta jende gehienak ulertu zuen,
barkatu zidaten.
Gizon bat maitatzen nuenean
zigortu egiten ninduten,
bekatari nintzen,
gizonzale galdua».
75 urterekin hil da Emile Alphonse Griffith.
Ez zuten inoiz espetxean sartu,
baina bizitza osoa
preso sentitu zela
adierazi zuen.
Maitatzea izan zen haren kondena.