Urari ostutako poemak
Urari ostutako poemak
2014, poesia
104 orrialde
978-84-92468-59-1
azala: Oihana Leunda
Pako Aristi
1963, Urrestilla
 
2016, poesia
2003, poesia
2001, poesia
 

 

MUSIKA, PAISAIA

 

Musikaren erresonantziak

bihotzean uhinak sortzen dituenean

koadro bat begira dezakezu

eta han inork margotu ez zuen

paisaia bat ikusi,

zeure baitan bakarrik dagoena,

zuretzat bakarrik marraztu zuena

neska batek udaberri aspaldiko

haren ilunabarrean.

 

Kantu baten errepikapenak

gero eta bareago sentiarazten bazaitu

minik sakonenaren sendabidetik

gertu zabiltza,

tristuraren hondoraino iristeko

ausardia izan dutenen indarra

baitago musikak gauean

eskaintzen dizkigun

lastozko zuzietan.

 

Zure zigarroaren arnasan

biolin taldearen atzetik doan

pianoak klarinetearekin sortzen dituen

kiribilak hegaldatzen badira,

menorreko akorde batek lanbrotu duen

melodiari ezin badiozu alde egiten utzi

desanparoaren oihartzunak dakarren

erraritasun bat sentitu gabe

hurbil zaude helmugatik,

eta egon zaudenean.

 

Aspaldi zeure baitan

gramofonorik gabeko basamortu izkinakoan

abandonatu zenuen euri antzinako bat

zure masailak bustitzen hasi baldin bada

sendatuta zaude,

haurtzaroan paseatzen zenuen

eguzki-begiaren kalostratik

mendeetan urrundu zintuzten

ekaitzen izpi ahuletatik

betirako salbu.