Aurkibidea
Aurkibidea
ANTROPOLOGOAREN DEIA
Ezagutu ditut munduaren aroak.
Ia-ia ikusi ditut zaldiak
ukuiluetan lokartzen
baporezko motorra asmatu zutenean,
abiaduraren aldeko apustua
diligentzien dotoreziaren kaltetan.
Ikusi ditut autobusak
herri txikien egunsentietan,
gainean arkume, otarrea eta oilo,
intziri, algara eta alara,
munduak sortzera deituak geunden umeok
lurraren mugak erakusten zizkiguten
baserritarren ondoan.
Ezagutu ditut lekuetara iristeko
behar ziren orduak,
eta ordu horien geldotasunean
bizitzak eskaintzen zizkigun
ziztada horiak,
hala nola San Jose loreak
hilerriko horma zaharraren zirrikituetan.
Ezagutu ditut eskuz idazten zuten
nobelagile makalak,
idazmakinaz betetako erredakzioak,
auzo osorako jartzen ziren telefonoak,
horditurik eta lurrean etzanda ere
jotzen jarraitzen zuten trikitilariak,
ardo-zopak hartzen zituzten umeak
eta bi hortz soilik zeuzkaten aitonak,
txuletaren malenkonia koipetsua begiradan.
Ikusi ditut umeak etxean jaiotzen,
eta hilotzen beila egongelan,
negarretik negarrerako zirkulua itxiz,
kanpaien hizkuntza, hiletak, suteak
eta bezperak xuxurlatzen gure belarrietan,
belardietan elkartzen ziren bikoteak
eta gauetan galtza barrenak jasoz
uretara amiltzen ziren arrantzaleak,
diz-diz, amuarrain distiratsuen xerka.
Ikusi ditut konfesionarioetako ilara luzeak,
hileko idi-jotzeak lotsatiki aitortzen,
putak ipurdia berotzen estufen aurrean,
ibai izoztuen begirada zuten apaizak
eta orein akorralatuaren dardaraz
bizi ziren beste emakume batzuk;
bekatuaren ideia serio hartzen zen bizimortua.
Ezagutu ditut munduaren aroak,
eta nire urteek diotena baino gehiago
bizi izan naizela iruditzen zait:
mendebeteko oroimenarekin jaio nintzen,
eta, geroztik,
denbora ezabatzen den
instantearen zain daude
nire begi zaharrak.