Aurkibidea
Aurkibidea
IGARO ETA GERO
Begien aurrean neukan
euriaren lixiba
izotza desegiten
baina nik ez nuen ikusten.
Begien aurrean neukan
itsasoa belaontziari
bere kondena irakurtzen
baina nik ez nuen entzuten.
Begien aurrean neukan
erlojuaren lorratzetatik
denbora ihes egiten
baina ni lo egoten nintzen.
Begien aurrean izan ditut
beste begi batzuek
infinitua eskaintzen
baina nik ez nien sinesten.
Begien aurrean
igaro zait dena
baina ezer ikusi gabe
horra hor nire pena!
Begien aurrean
izan dut gogoa,
arrailduz argiezkilaren
amets hondoa.
Begien aurrean edertasuna,
kolore trazarik edo
hitzik erantsi gabe
ezin laudatu nuena.
Itsu egon naiz
dena bere horretan
eta mirespen hutsaz dena
ikusten ikasi nuen arte
begien aurrean.