Jacques Prevertek (1900, Neuilly-sur-Seine, Frantzia - 1977, Omonville-la-Petite, Frantzia) izenburu esanguratsua jarri zion bere lehen poema bilduma argitaratuari: Paroles. Hitzak. Esanguratsua bere prevertasunean, bere soilaren indarrean. Liburuak, hasieran behintzat, irakurle saldoak erakarri zituen bezala uxatu omen zuen zenbait letra jende prestigiotsu ere, bi-biak arrazoi berberagatik: haren ahots eta hizkera soil, hurbil, eta kaleko samarragatik.
Lurrean eta lurrekoez idatzi baitzuen Prevertek: irakatsi nahitik aparte, erakutsiz eta kontatuz. Poema narratiboak dira asko, ipuinak ez baina ipuinkarak batzuk, parabolatik ere hurbilak agian. Oihartzun argia nabari zaie bai herri literaturarena (Zuretzat ene maitea) eta baita inoiz haurrentzako ahozko literaturarena eta jolasena ere (Eguzki bainua, Eskolatik jalgi eta, azken hori lehen pertsonan idatzia gainera, haurren ikuspegitik). Are, zenbait ale abestekoak dira, kantoreak. Ez alferrik, Joseph Kosmak eta bestek musikatuak eta nazioarteko interprete ospetsuek kantatuak dituzte haren hitzetan oinarritutako makina bat kantu (Les feuilles mortes edo Orbelak famatua aipagarri), eta badugu euskaraz ere haren pieza musikaturik, baten bat Koldo Izagirrek euskaratua, kaier hau bezalaxe, sen zorrotz eta jostalariz (Izagirrez gainera ibiliak dira beste zenbait ere Prevert euskarara ekartzen, hala nola Andoni Lekuona, Joseba Sarrionandia eta Harkaitz Cano).
Itxurazko inozentzia eta siniestrotasuna nahas-mahas, samurraren ospela sumagai: maiz darabiltza halako kontraste eta antitesiak Prevertek, irudi deigarriak eta sarri ilunak, deserosoak, tabuak (nabari zaio, esaterako, gaztetan surrealismora hurbildu izana: La corrida izenekoan, adibidez). Irakurleak ustez badakiena kontatzen du, baina kontamoldeak ez ezik, arruntasuna hautatze horrek berak egiten du berezi haren obra, gauza ustez agerikoak poesiarako gai hautatu izanak: “Amak trikota / semeak gerla / amari arrunt naturala zaio / eta aitak zer egiten ote du, aitak / aferak egiten ditu”. Mundu arrunta kontatzen du, eta mundu arrunt hori maitasuna da (aski modu, esan dezagun, erromantiko antirromantikoan jorratua), eta mundua orobat da gerra, odola eta indarkeria, eta munduan daude gabetuak eta pobreak.
Prevert ez da, ordea, zaurian laketzen; ez ditu gabetuak errukiz apalesten (Oinetako ziratzaileen kantorea). Errebeldia ameslari samar bat dario haren poesiari; kaier honetan soilik, ia 30 aldiz aurkituko du irakurleak “txori” hitza. Prevertek zintzo kontatzen du ikusten duena, umore eta ironia finez, handiusterik gabe trufatuz giza hipokrisiaz eta inozokeriaz, jolasean ia beti: haren olerkietan nonahi daude hitz jokoak eta neologismoak, esanahi kateak eta hitz-jauziak, aho biko adierak, aliterazioak, lerro labur-laburren artean prosa poetikoa, ahapaldi libreari ahapaldi errimatua.
Artista osoa eta diziplina anitzekoa izan zen Jacques Prevert: kantugilea, gidoigilea, antzerkilaria. Orain, Prevert poeta dakarkigu haren lehen euskal antologia honek.
Maialen Berasategi Catalán