Jacques Prevert (1900-1977, Frantzia) artista osoa eta diziplina anitzekoa izan zen: poeta, kantugilea, gidoigilea, antzerkilaria. Ahots soila, hurbila, eta kaleko samarra zuen. Poema narratiboak dira asko, ipuinak ez baina ipuinkarak batzuk, parabolatik ere hurbilak agian. Are, zenbait ale abestekoak dira, kantoreak. Ez alferrik, nazioarteko interprete ospetsuek kantatuak dituzte haren hitzetan oinarritutako makina bat kantu. Itxurazko inozentzia eta siniestrotasuna nahas-mahas, samurraren ospela sumagai: maiz darabiltza halako kontraste eta antitesiak Prevertek, irudi deigarriak eta sarri ilunak, deserosoak, tabuak. Mundu arrunta kontatzen du, eta mundu arrunt hori maitasuna da, eta mundua orobat da gerra, odola eta indarkeria, eta munduan daude gabetuak eta pobreak. Prevertek zintzo kontatzen du ikusten duena, umore eta ironia finez, handiusterik gabe trufatuz giza hipokrisiaz eta inozokeriaz, jolasean ia beti. Koldo Izagirrek itzuli du kaier hau, sen zorrotz eta jostalariz.