Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Dantzak daukan ahalmen nagusietariko bat da gure izpiritua geure baitatik askatzea. Ikusle bezala entrenamendu nahikoa izanik, gorputzetik liberatuta sentitzen dugu arima, eta Akram Khanen lan honekin bete-betean sentitu ginen egoera goren horretan.
Arimaren nahiak
2018ko martxoaren 4a
—DANTZA—
UNTIL THE LIONS
Zuzendaria eta koreografoa: Akram Khan. Narrazio-kontzeptua eta idazketa: Karthika Nair. Dramaturgia: Ruth Little. Musika: Vicenzo Lamagna. Argiak: Michael Hulls. Diseinu bisuala: Tim Yip. Dantzariak: Ching-Ying Chien, Joy Alpuerto Ritter, Rianto. Lekua: Bilboko Arriaga antzokia. Eguna: Martxoak 2.
Hiru argi-eraztun zentrokidek bete dute eszenatokiaren goiko aldea, eta behegainean tamaina bereko plataforma zirkular bat izan da zeremoniarako agerleku aproposa. Bertan nekazari giro exotikoa irudikatu dute banbu-kanabera batzuek, dotore bezain apal, eta bitartean foku zenital urdin batek gizaki baten maskara argiztatu du.
Ur-jauzi handien orroa izan zitekeenak eta naturaren soinu txikiek girotu dituzte emanaldiaren lehen minutuak, eta Ching-Ying Chien dantzari gaztea felidoen arintasunarekin eszenan agertu denean —Erresuma Batuko Dantza saria lortu du pieza honetan egindako lanagatik— ulertu dugu atzean utzi behar genuela gure mendebaldar erritmo estresatua, beste dimentsio batean sartzeko baimena lortuko bagenuen. Zirkulu handiaren inguruan lau musikarik hartu dute gidari espiritualen rola eta zurmailuekin zein ukabilekin markatu dituzte kontakizun sakratuaren erritmoak.
Aurrera jarraitu baino lehen, komeni da jakitea lan honen izenburuaren bigarren zatia Echoes from the Mahabharata dela. Beraz, Antzinaroko olerki handi bateko zati baten egokitzapena ikusi dugu Until the Lions honetan. Akram Khan, berez, Londresen jaioa da, baina seguruenik bere erro kulturalen omenez egin digu opari hau, Indiako kathakali antzerkia —berez, dantzaren bidezko antzerkia— parametro garaikideetara ekarrita.
Pieza honetarako hautatu den pasartean Anba printzesak bere ohorea galtzen du ezkontzaren egunean eta, mendeku bila, jainkoei eskatzen die laguntza. Esandako elementuak kontuan izanik, narratibotasun sinbolikoaren arloan sartu gara eta mundu hartako adierazpide enigmatikoak ezin hobeto uztartu dira xxi. mendeko estetika aurreratuan. Bide horretatik, hatz eta behatzen posizioetaraino ailegatu da jarrera bakoitzaren garrantzia, eta dantzarien arintasunaren muinean gorputz sinbolizatuak egon dira. Izan ere, gorputzak sinbolo bihurtuta —totem, txotxongilo—, haiekiko distantzia hartu eta arima barruko gatazkak hobeto ulertzen ei ditugu.
Emanaldi miresgarri honen gidaria argien diseinu poetikoa izan da, eta harekin batera, ahalmen handiko soinu-banda, era askotako perkusioek, ahots xuxurlatuek, kantuek eta hari-instrumentuek elkar hartuta. Gainera, David Azurza tolosarraren ekimenez, euskarazko esaldiak eta abesti eder batzuk integratu dira soinu-paisaia aberasgarri horretan. Baina, zer esanik ez, hiru dantzariak izan dira benetako protagonistak: gaitasun, prestakuntza eta zehaztasun bikaina erakutsi dute hirurek solo harrigarrietan, maitaleen arteko duo pasionatuetan, dantza akrobatikoetan, hiru metroko banbu-hagekin egindako koreografia kementsuan… Esan liteke emanaldian zehar beste esfera batean egon garela, eta ez da harritzekoa: azken finean, dantzariak gorputzaren mugimenduak bainoago arimaren nahiak eta kezkak ari ziren interpretatzen.