Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
DRAMATURGIA BERRIAK
Orain edozer gauzari deitzen zaio dramaturgia berri. Edozein produkturi dramaturgia berria etiketa erantsita, badirudi beste balio bat gehitzen zaiola, interesa irabazten duela, ikusleak erakarriko dituela.
Arlo konbentzionalean jarduten duten konpainia askok erabiltzen dute ditxosozko izendapen hori, modernoagoak-edo izan nahian, eta, askotan, beren ideia falta edo maila eskasa zuritzeko edo mozorrotzeko, muturreko kasu hau adibide: aspaldiko enpresa batek (lehen konpainiak deitzen ziren, baina aspaldi enpresa izaera hartu zuten) gaztelaniazko antzezlan bat estreinatu du lehen, eta orain euskarazko bertsioa ikustera joan naiz. Dena izan da desastre hutsa —gaiaren tratamendua, argumentua, antzezpenak…—, baina eremu eszenikoan ez zegoen betiko sofa hura, eta dekorazioak ez zuen betiko naturalismo zamatua erakusten, ez zuen irudikatzen etxe bateko egongela klasikoa.
Horren ordez, hiru kaxoi luze izan dira elementu eszenikoak, eta haiekin batera atzeko pantailan proiektatu diren irudiak. Ai, irudien proiekzioa! Ze praktikoa den aurkikuntza hori gure sorkuntzaren eta antzezleen gabeziak disimulatzeko. Zer esanik ez proiekzioak atzeko oihal bakarrean ez ezik noizean behin jaisten diren beste pantaila txikiago batzuetan proiektatzen badira! Tori dramaturgia berria!
Benetan dramaturgia berrien arloan dihardutenek, ordea, ez dute horrelako etiketarik aldarrikatzen. Ez dute behar. Benetan dramaturgia berrietan ari bazara, ez duzu dekorazioaren beharrik, ez dekorazio klasikorik ez eskematikorik. Eszenan azaltzen dena ez da leku jakin batean gertatuko, horrek ez dio inolako ekarpenik egingo emanaldiaren garapenari, eta dekorazio jakin batek plano zehatz batera mugatuko luke gure pertzepzioa. Dekorazio kontzeptua berez dago lotuta argumentu logikoaren ideiari, benetako gizakiak imitatzen dituzten pertsonaia eta rolei, hau da, aspaldiko antzerki eredu burgesari, oraindik bizirik jarraitzen duena. Beraz, ez erabili dramaturgia berriak etiketa zure antzezlana fikzio argumentalaren eremuan egonez gero.
Fikzio argumentalaren arloan ez dagoelako ezer berririk, aldaketa kosmetikoak baizik. Egile baten argumentu jakin bati zaude lotuta, eta argumentuaren egoerak jasoko duen leku fisiko bat edo batzuk irudikatuko ditu eremu eszenikoak, era naturalistan —altzariak, ateak eta paisaiak imitatuz— edo eskematikoan —hasierako adibidean bezala—, hondartzako arrokak edo parke bateko eserlekuak kaxoi errektangularrekin irudikatuz.
Egia esan, fikzio argumentalaren arloan —horrela deitzen diot performancearen artetik nolabait desberdintzeko— lan asko sortu dira azken urteotan euskarazko antzerkigintzan, eta eskerrak, haien bidez atzean utzi dugulako behingoz xix. mendetik zetorkigun eredu hegemonikoa. Ordea, dramaturgia berriak —benetan berria bada— beste era batean erabiliko ditu baliabide eszenikoak. Desagertu egingo da edozein elementu figuratibo, edo haren figuratibotasuna ahalik eta txikiena izango da, esangura sinboliko edo alegorikoa izango dute elementuok, eta baliteke emankizunak kutsu poetiko nabarmena hartzea.
Dramaturgia zaharretan era piramidalean egiten dira gauzak: zuzendaria goian eta beste guztiak azpian. Zuzendariaren gainetik egilea omen dago, baina erlijioaren paradigman bezala, izaki ukiezina izaten da, hilda dago honezkero edo linbo batean bizi da eta zuzendariak bakarrik dauka harekin kontaktatzeko edo haren hitzak interpretatzeko gaitasuna. xxi. mendeko dramaturgietan, aldiz, askoz horizontalagoak dira kontuak, eta elkarren interakzioan sortzen dira emaitza eszenikoak, ez era asanbleario hutsean, bakoitzak hobekien menperatzen duen arlotik baizik —testua aktoreen zuzendaritza, arlo eszenikoak…— elkarren eraginak onartuz eta haiekin elkar aberastuz.
Lagun estimatu batek esan dit ez dudala oso argi dramaturgia berriak zer ote diren, eta nik arrapostu, konpentsazioan oso argi daukadala zer ez diren.