Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Bi maitasun
Mikel Lizarralde
Duela 29 urte sartu nintzen, aurrenekoz, Euskaldunon Egunkaria-k Lasarte-Orian zuen egoitza zahar baina ezinbestean maitagarrira. 22 urterekin, eta unibertsitateko aldizkarian nahiz herriko astekarian idatzitako artikulu eskas batzuetara mugatutako letrak elkartzeko eskarmentuarekin. Bekadun. Kulturarekiko oro har eta bereziki musikarekiko eta zinemarekiko zaletasunak berehala eramaten ninduen egunkariko azken orriak irakurtzera, nahiz eta bestelako lanak (Politika, Gizartea, Estatuak sailetan) egitea egokitu zitzaidan. Baina interesa, benetako interesa, Kulturako orriek pizten zidaten. 1992a zen, eta ordurako antzerkiaz idazten zuen orriotan Agus Perezek.
2021a. Ia hiru hamarkada igaro dira erredakzio hartara sartu nintzen lehen alditik. 51 urte orain. Eta Berria-n segitzen dut lanean, Euskaldunon Egunkaria indarrez itxi haren lekukoa hartu zuen berripaperean. Denbora honetan guztian, ikusi ditut dozenaka lankide etortzen eta joaten; musikaz, arteaz, literaturaz idatzi duten hamarnaka kritikari igaro dira egunkaritik, eta nik neuk hainbat hilabetetako atsedena hartu behar izan nuen orain dela urte batzuk. Baina Agusek hor segitzen du. Tinko. Kritikariei ordaintzen zaien mixeriarekin ere, arte eszenikoen esparru zabalean egiten dena ikuspegi kritikoarekin zabaltzen Berria-ren bitartez.
Askotan galdetu diot neure buruari. Zerk eramaten du pertsona bat —kasu honetan bi, Agusen izena aipatzeak beti dakarrelako segidan Lali Marimonen aipamena— asteburuero autoa hartu, kilometro mordoxka egin, batean Bilbotik Gasteizera, hurrengoan Donostiara, segidan Luhusora... joan, antzezlan bat ikusi, etxera itzuli, eta goizaldeko ordu txikietan egunkarirako kritika idaztera? Erantzunik ez daukat, baina pentsatzen dut oholtza gaineko arteak asko maitatu behar direla horretarako. Are gehiago. Antzerkia, dantza eta zirkua maitatzeaz gain, kazetaritza ere maitatu behar da, kazetaritza sortzaileen eta hartzaileen arteko zubi izan daitekeen neurrian. Agusek maite ditu arte eszenikoak, maite du kazetaritza, eta esango nuke bi maitasun horien emaitza dela bere lana.
Esku artean duzun liburua irakurri berri, iruditzen zait maitasun hori agerikoa dela orriotan. Ez maitasun idealizatu bat, baizik eta maitasun kritiko bat. Maite ditu hala arte eszenikoak nola kazetaritza Agusek, baina horrek ez du bihurtzen haien lausengari huts. Ez dago esan beharrik, baina, batzuetan, gustukoak ez direnak ikusi eta entzutean, maitasuna kolokan ere jartzen da, nahiz eta maitatzeko ahalmena eta gogoa ez galdu.
Kritikak idazten daramatzan hiru hamarkadetan Agusek motxila handi bat bete du, zeinetan sartzen diren antzerkiari buruzko informazioa eta jakituria, arte eszenikoak irakurtzeko irizpideak, begirada propio bat, eta baita idazteko molde bat ere. Eta motxila horrekin ekiten dio bere jardunari, obrak, ikuskizunak, antzezlanak, lanak finean, ikusi, aztertu eta iruzkintzeari, jakinda hitz bakoitzak bere pisua eta lekua duela testu baten barruan, eta hitz bakarrarekin huts egiteak aldrebestu dezakeela kritika bat. Hitz bat nahikoa dela esan nahi zenuen hori gaizki ulertzeko. Horregatik, Agusek behin eta berriro berrirakurtzen ditu testuak, tonuarekin asmatzea ezinbestekoa baitzaio. Zenbat aldiz bidaliko zuen bigarren edo hirugarren bertsio bat erredakziora, zuzenketa txikiak eginda! Tonuarekin asmatu nahian beti, kritikariaren jarduna ez delako kritikatik salbu egoten.
Liburu honen lehenengo parte osoan Agusek arte eszenikoei nola begiratzen dien jaso ahal izango du irakurleak, nola ulertzen dituen antzerkia eta dantza. Baina izango du kritikaria ere baden antzerkizalearen barne burutazio eta kezken berri ere, sortzaileen eta hartzaileen arteko bitartekari bilakatuta, kritikariak badakielako berea ez dela nolanahiko funtzioa. Epaitzea baino gehiago, heztea, dibulgatzea eta kultur diziplina jakinekiko maitasuna edo zaletasuna sustatzea izan beharko liratekeelako kritika on baten funtziorik behinenak, “kritika” hitzak berak adierazten duen kritika egiteari muzin egin gabe.
Bigarren partean azken hiru hamarkada hauetan idatzitako 30 bat iruzkin hautatu ditu Agusek berak. Marka da, 2.000 inguru idatzi dituela kontuan izanda! Ziur naiz zaila, oso zaila egin zaiola hautaketa egitea, baina oinarrira joan behar horrek are eta adierazgarriago egin du hautaketa bera. Errazena litzatekeelako urte hauetan guztietan idatzitako 30 kritika positibo aukeratzea; gustuko izan dituen 30 obrari buruz idatzitakoak berreskuratzea. Baina irakurleak aurkituko ditu, laudoriozko testuekin batera, kritikoagoak ere orriotan.
30 urte igaro dira Agusek Euskaldunon Egunkaria-n bere lehenengo kritikak idatzi zituenetik. Hiru hamarkada bete. Eta esango nuke asko garela antzerkiaz dakigun ia guztia harengandik ikasi dugunak. Oholtza gaineko jarduna maite duenak —dela antzerkia, dela dantza—, maitasuna transmititzen duelako. Agus horietakoa duzue.