Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

AITZIN-OHARRA

 

      Liburu honek bion sinadura eraman beharko luke, Agus Perezena eta Lali Marimonena, gauzak beren lekuan egongo balira.

      Gauzak beren lekuan egongo balira, aitortu beharko nuke mundu guztiak dakiena —eta nik neuk inork baino hobeto—, hots, bera barik hau guztiau ez zatekeela inoiz ere posible izango. Zelan azaldu, ordea, zein izan den Lali Marimonen rola liburu honetan? Autoretza morala? Inspirazio iturria askotan? Kontraste aberasgarria gehienetan? Erabateko babesa beti?

      Zauri Bolodia-ren protagonista bezala sentitzen naiz kontu honetan: harentzat zaila zen pertsona, aktorea eta pertsonaia bereiztea, eta labirinto horretan zebilen etengabe, korapiloa ezin deslotuz. Bueltaka arazoaren inguruan, baina aurrera egiten hala ere.

      Neuri ere gertatzen zait gauza bera, baina beste plano batean, pertsona, kritikaria eta bizitzan bikote aukeratu ninduena banatu ezinik.

      Askotan, profesio liberalen irudia datorkigu burura kritikariaren figuraren errepresentazioan: gizon burutsu bat —gizona beti, zer esanik ez— bere bakardadean gauza burutsuak pentsatzen eta idazten, burutsuen Olinpoan beti, handik inoiz jausi barik, munduko mortalekin kutsatzearen beldur. Uste dut, ordea, gaurko kritikagintzan askoz horizontalagoak direla gauzak, eta horizontaltasun horren parte nagusia izan dela hasieratik eta denak emanda Lali Marimonen jarduna, bai arlo emozionalean bai logistikoan: artxiboen antolamenduan, datu-basearen sorreran eta garapenean, kontaktuen kudeaketan… eta Euskal Herrian zehar egin ditugun milaka kilometroetan.

      Zakilixuten zinta batean agertu zen aspaldi intimitate publiko-aren kontzeptua. Ohartarazpen hura kontuan hartuta, ez dut bion arteko kontuez gauza gehiagorik publiko egin behar, baina irakurleak jakin behar zuen zer dela-eta erabili dudan pluraleko lehen pertsona behin baino gehiagotan liburu honetako artikuluetan.

      Horraino azalpena, irakurle, eta jakin ezazu artikulu hau era klandestinoan idatzi dudala, Laliri ezer esan gabe, pertsona, kritikaria eta bikotea ez direlako kontu horretan ados jarri.