Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Nacho Monterok performancearen eta dantzaren bertuteak uztartu zituen lan aurreratu bezain dibertigarri honetan. Uste dut hirutan ikusi nuela, hain izan nuen gustukoa bere proposamena.

 

Lugorritik

 

2014ko ekainaren 17a

 

—DANTZA—

BARBECHO

Zuzendaritza artistikoa: Natxo Montero. Zuzendari laguntzailea: Pako Revueltas. Sorkuntza eta interpretazioa: Natxo Montero, Laia Cabrera. Argiztapena: Gabo Punzo. Lekua: Bilboko La Fundición aretoa. Data: Ekainak 14.

 

      Lugorri utzitako lurra emankorragoa izaten da geroan, eta kontzeptu hori berori baliatu du Natxo Montero bilbotarrak bere ibilbide artistikoaz hausnartu eta hurrengo proposamena plazaratzerakoan. Jatorrizko ideiari jarraiki, ahoz behera etzanda agertu da dantzaria, burua lur meta baten azpian zuela. Haren inguruan bueltaka, hondartzan balego bezala, Laia Cabrera performer katalana ibili da, jostailuzko palatxo batekin baldeak betetzen eta behegain zuritik lurrezko dorretxoak egiten.

      Natxo bere lugorritik irten ostean, buru osoa txerri maskaraz estalita agertu dira biak ala biak eta orduan hasi da lehen ataleko zoramena: hasiera batean dantzari biek lerro zuzeneko ibilbideak deskribatu dituzte, baina anabasak gero eta leku handiagoa hartu du, eszenan agertu diren objektuen eta haietatik atera diren etekin absurdoen eraginez. Jolas kaotiko horretan dantzariek ahal izan duten moduan egin diote aurre egoerari, batzuetan beren ibilbide errarietan murgilduta eta beste batzuetan keinu eta pauso handiusteak burutuz, batez ere Pioggia di lagrime ariako zati bat eta bere pizzicatoa zori hutsez agertzen ziren bakoitzean.

      Ekintza zentzugabeak eta dantza pauso dotoreak elkartzeko dema horretan desorientaturik agertu zaizkigu gizaki-txerriak, beren ahalmena gainditzen duen zerbaitekin konplitu nahian baleude bezala, eta, gizakion bizitzan bezala, barregarria eta guzti suertatu da euren ahalegin patetikoa.

      Bigarren atalean aldaketa etorri da: alboko ate batetik agertu dira interpreteak, agertokiko anabasa Natxo Montero delako artista handi baten instalazioa balitz bezala, Natxo bera bisitaria izanik eta Laia erakusketaren komisarioa. Horren kontura, satira gupidagabea egin dute arte garaikidearen gainean, beraiekiko ironia ahaztu gabe, eta guk asko eskertu dugu sasijakintsuen harrokeria eta ikusle apalen jarrera otzanak agerian utzi izana.

      Halako batean, berriz, entsegu bateko xehetasunetan murgildu dira interprete biak, eta naturaltasun osoz itzuli gara dantzaren eremura. Hortik aurrera Natxok bere ahalmen guztia erakutsi digu, heldutasunak gorputzean utzitako arrastoak zintzoki onartuta eta euskal dantzako pauso batzuk lengoaia zeharo garaikidean txertatuta. Eta amaierako metafora zoragarrian norberaren ibilbideak irudikatu dituzte, beren oinekin lur gaineko tapiz eder bat marraztuz eta bertan adieraziz bideak ez direla betiko elkartzen, elkarrekin askotan gurutzatu arren.