Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Bost lagun baino ez ginen izan Lesakako pilotalekuan Fernando Arrabalen harribitxi honen eszenaratze eredugarria ikusten, eta Donostian ere ia oharkabean igaro zen gero. Nik, ordea, pribilegiotzat daukat maiatzeko gau hotz hartako esperientzia ia mistikoan ikusle egon izana.

 

Zuhaitza zutik da

 

2008ko maiatzaren 20a

 

—ANTZERKIA—

GERNIKA

Egilea: Fernando Arrabal. Euskaratzea: Allande Etxart, Margarita Rekalt. Zuzendaritza: Ramon Albistur. Eszenografia: Gonzalo Etxebarria. Perkusioa: Pierre Thibaud. Argiztapena: Zigor Gorostiola. Antzezleak: Ramon Albistur, Ane Zabala, Pierre Vissler, Renate Dregger. Lekua: Lesakako pilotalekua. Eguna: Maiatzak 17.

 

      Egunkari orri zimurtuek estaltzen dute eszenako behegaina, eta haien artean zumezko saski bat eta antzinako irrati handi bat ikusten dira, biak ala biak buruz behera, inguruko bonben eztandek iraulita. Esandako gauza xumeek ezin hobeto irudikatzen dute Gernikako bonbardaketaren eguna, eta balio sinboliko handikoak dira, frankisten prentsako gezurrek urte luzez estali zutelako beraiek egindako triskantza.

      Egunkari zimurtuen artetik, ordea, gizonezko bat agertuko da eta berari esker ezagutuko dugu han gertatutakoa. Bera bizirik irten da, baina emazteak zori okerragoa izan du, harrapatua geratu baita harrien artean. Planteamendu gordin horretatik abiatuta, balio unibertsaleko antzezlan bat idatzi zuen Fernando Arrabalek bere Parisko erbestealdi intelektualetik, eta behingoz benetako zentzua eman zion berak hainbatetan jorratutako absurdoaren antzerkiari, bi protagonistek bizi duten egoera absurdoa benetako gertakizunetan oinarrituz. Bestetik, jakin beharra dago euskarazko bertsio hau iaz sortu zela, zubereraz, eta oso fidela dela frantsesezko originalarekiko.

      Egileak berak idatzitakoari jarraiki, publikoak ahotsaren bidez ezagutuko du Liraren pertsonaia, eta Pantxorekin dituen solas arruntek kontrapuntu erdi irrigarria jartzen diote inguruko tragediari. Panorama osatzeko, Arrabal bera izan zitekeen idazle edo kazetari bat agertzen da behin edo behin, egun hartako gertaerekin liburu, film edo antzezlan bat idatzi nahian. Eta idazlearen figuraz gain, hitz egiten ez duten beste bi pertsonaia esanguratsuk zeharkatzen dute noizean behin eremua: presaka doan emakumeak ederki irudikatzen du herritar arrunten erresistentzia adoretsua; ofizial frankistak, aldiz, harropuzkeria erakutsi eta izua ekarriko dio Pantxori. Azkenik, eszenan dagoen beste elementu garrantzitsua bateria jolea dugu, haren lanaren bidez sortzen baitira suntsipenaren soinu ikaragarriak.

      Eta testuaren interesarekin batera txalotzekoa da antzezpen guztien maila bikaina, batez ere Pierre Vissler eta Ane Zabalari dagokienez. Izan ere, bien artean osatzen duten bikote eszenikoak gizatasun hunkigarria erakusten du tragediaren erdian. Gainera, beren arteko hitz samurren azpian beste sakontasun bat gordetzen da gehienetan eta horrek ere ikuslearen zirrara areagotzen du. Emazteak, adibidez, aldiro-aldiro galdegiten dio senarrari kanpoan so egin dezan, ea zuhaitza ere bota duten, eta senarrak beti esaten dio: “Ene muñu, zuhaitza xutik dun oraino”.