Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

PROTOI IRAKASLEA ETA FOLIOAK

 

      Noizean behin, Protoi irakaslea sentitzen naiz konpainia gazteetako kideen artean. Protoi irakaslea The Big Bang Theory telesaileko atal batzuetan agertzen zen, Sheldon eta Leonarden gozamenerako, hura izan zelako txikitan telebistan miresten zuten zientzialaria. Oraindik ere, interneten aroan, bizirik dagoela deskubritu dute eta haien etxera gonbidatu. Irakasle zaharra arraro sentitzen da frikie haien artean, baina zaharberrituta aldi berean. Jakina, ni ez naiz Protoi irakaslea bezain zaharra eta konpainia gazteetako kideak ez dira telesaileko protagonistak bezain frikie-ak —bueeeeno, batzuetan…—, baina burura etorri zitzaidan konparazioa bart gauean loak hartu ezinik nengoela.

      Askotan esaten da antzerkia desagertzeko zorian dagoela, baina gero badirudi oraindik gure artean dabilela, jende askorentzat mamu baten antzera ibili arren. Badirudi Protoi irakaslearen garaikoa dela, biniloak, folioak eta luma estilografikoa bezala —nork idazten du lumaz gaur egun?—, baina hortxe dago, eta halako batean, zast!, gurera etorri da bere zahar itxurarekin, gazteak baino biziago. Biniloak ez dira iragarri bezala desagertu, baina folioak bai, aspaldi gainera, beste garai batekoak dira, aro digitalaren aurrekoak. Protoi irakasleak folioak erabiliko zituen bere jardun profesionalean, eta nik ere bai: kritikak egiten hasi nintzenean folioak erabiltzen ziren eta nik boligrafoz edo lapitzez idazten nituen. Ugariak ziren folio haietan tatxadurak, eskemak, marjinetan idatzitako ideiak, perpaus barruko ordena-aldaketak irudikatzeko trazu bihurriak… Adibidez, maketazio eta zuzenketa lan profesionaletan notazio moduko bat zegoen definituta, eta praktikoa zen eskuz egindako testu haiei geroko moldeko forma emateko.

      Informatikarekin asko aldatu ziren gauzak: idazmakina pantailaduna —Olivetti Top 100 markakoa, 8 olivetti poetiko hura baino hamar urte lehenago agertu zen—, Amipro programa maitagarri hura —zelako ikono politak zituen—, Word madarikatua eta TextEdit hipersinglea… Euskaldunon Egunkarian ere oso programa errudimentario bat erabiltzen zuten hasierako denboretan —ms-dosen antzeko zerbait, zeharo biluzia—, eta haren erabileran prestatzeko Bilbora etorri zen teknikariak zera esan zigun: “Gorde teklari era obsesiboan eman, beldurrik gabe, denbora guztian”. Egunkari batean ezin duzu hiru ordu kostatu zaizun testua halako batean galdu, dena erlojupean egiten da eta. Gomendio hari fideltasun osoz jarraitu diot harrezkeroztik eta seguru nago disgustu handi batzuetatik salbatu nauela. Protoi jaunaren hitza: lauda dezagun Protoi irakaslea.