Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

URTE HASIERAKO EGUNAK

 

(Berrian argitaratua, 2006ko urriaren 6an)

 

      Urte hasierako egunak aprobetxatu ditut hainbat kontu zahar mahai gainetik kentzeko. Hor agertu dira, besteak beste, uda partean egindako ikastaro bateko apunteak, eta beherago, Miarritzeko lagun batek bidalitako gutuna: epelegia izan omen nintzen kritika batean, eta zuzen dagoela uste dut. Elkar ikus dezagunean luze hitz egingo dugu horretaz. Azkenik, iaztik euskaratik itzuli gabe ditudan Kataluniako Semola eta Argentinako Krapp taldeen kritikak azaleratu dira. Galiziako Matarile taldeari, ez dakit zergatik, azaroan bertan bidali nien kritika itzulia.

      Aspaldiko kontua da kritiken itzulpenarena nigan. Alde batetik, garbi dago betebehar gehitua dela kritika lanean, baina bestetik oso argi daukat talde edo konpainia batzuentzat garrantzi handikoa dela kritika argitaratua izatea, eta gainera, beraientzat garrantzizkoa bada, zer esanik ez niretzat, munta handikotzat jotzen baitut kanpoko konpainia batzuek jakitea Euskal Herrian euskarazko kazeta bat existitzen dela, euren lan artistikoaz, ideologikoaz edo biez arduratzen dena. Are gehiago kontuan izanda askotan —gehien-gehienetan ez esatearren— ni neu naizela beraien lana prezatzera bertaratu den kritikari bakarra.

      Nik uste dut horrelako kasuetan apalen edo zapalduen arteko elkartasun moduko bat sortzen dela, eta niretzat sorpresa polita da euren gisako konpainiak eta lanak temati, sasi guztien artetik, zailtasun guztien kontra sortzen direla ikustea, baina beraiek ere poz handia hartzen dute euren ahalegina jasotzen duen egunkari bat existitzen dela jakitean.

      Oraindik gogoratzen dut duela urte batzuk kanpoko konpainia baten emanaldia amaitutakoan trenera lagundu niela, trasteak nire furgonetan eramateko. Bidean, Egunkaria itxi berriaren izaeraz galdetu zidaten, jakinguraz. Zera esan nien: “Hemen nauzue, ni neu nintzen zarratu berri duten egunkariko kritikaria. Etorri al da beste kritikariren bat zuen lana ikustera?”.