Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Quebeceko Cirque du Soleil konpainiak zabaldutako bidetik etorri ziren gero mundu mailako beste ikuskizun batzuk. Oraingo honetan Txinako Zirku Nazional Handia etorri zen Gasteizera, eta Mendebalde-Ekialde ardatzaz gain, sistema kapitalistak eta komunistak nork bere gizartean ezarritako eskemak antzeman zitezkeen zirku mota biak konparatzean.
Barne oreka
2005eko otsailaren 23a
—ZIRKUA—
YIN YANG
Konpainia: Txinako Zirku Nazional Handia. Zuzendaria: Liang Zhongyi. Zuzendaritza artistikoa: Li Xining. Zuzendaritza teknikoa: Ai Bing. Koreografiak: Liu Yongzhong. Lekua: Gasteizko Mendizabala. Eguna: Otsailak 19.
Gauza jakina da Cirque du Soleil gurera etorri zenetik erabat suspertu dela zirkuarekiko zaletasuna, ia-ia masa fenomeno bihurtu arte. Eta pozteko modukoa da, zirkua arte eszeniko zaharrenetarikoa delako eta berriztatzearen behar gorria zeukalako, batez ere gure Hegoaldean, non frankismoak ekarritako isolamenduak zirkuaren gainbehera penagarria eragin zuen, beste gauza askoz larriagoen artean.
Anartean, Europako beste muturrean —hala mutur fisikoan nola politikoan— zirkuaren loraldia gertatzen zen, eta ez bakarrik sistema komunistek kultur sistematizatuari emandako garrantziarengatik, baizik eta zirku-trebetasunak herri haien kulturaren zati pisutsua direlako. Gauza bera esan daiteke Txinaren kasuan, bai alde kulturalei buruz bai sistemak zirkuari emandako lehentasunaz.
Baina herri haietako zirkuak ere nolabaiteko berriztapena behar zuen, Mendebaldean arrakasta lortu nahi izatekotan, eta hor sartzen da jokoan Li Xining-en karisma. Haren curriculuma ikusita eta Cirque du Soleilen egindako ekarpen artistikoak kontuan hartuta, ezinbesteko elementutzat jo dezakegu emakume hori Txinako Zirku Nazional Handiak izandako bilakaera ulertzeko. Gauzak horrela, nabaria da gaurko estetikara hurbiltzeko ahalegina, betiere Ekialde Urruneko erroetatik abiatuta. Orain emanaldia ez da saio edo ekinaldi akrobatiko batuketa hutsa, osotasunean hartu beharreko produktua baizik. Jantziek, makillajeak, koreografiek eta argiek kohesio sendoa sortzen dute ekinaldi guztien artean, eta osotasun hartatik emozionalki biziberrituta irtengo da ikuslea.
Quebeceko konpetentziari erreparatuta, txinatar zirkua ez da hain teatrala izaten, zirkuagoa da, eta agian horregatik gustatzen zait gehiago, puruago-edo ikusten dudalako. Kasu honetan, baina, garrantzia eman diete saioen arteko koreografiei eta horrek denbora apur bat kendu die akrobazia saioei. Alde horretatik, nik luzapen gehiago eskertuko nukeen haga bertikaletan edota diaboloetan, badirudielako ikuslea nekatzearen beldur ibili direla eta, hori dela kausa, ez dietela zuku guzti-guztia atera trebetasun batzuei.
Dena den, ez pentsa inolaz ere kemen gutxiko emanaldia izan denik, kontrakoa baizik. Saio guztiak izan dira maila gorenekoak eta haien artean bi gogoratuko ditut bereziki: orain arte ikusi dudan trapezio ariketarik ausartenak eta airetik zintzilikatuta doan bikotearen edertasun poetikoa. Ikuskizunaren sortzaileek diotenez, artistek behar den beste dedikazioa ematen diote egunero barne orekari eta nik esango nuke Yin Yangen printzipio hori ezinbestekoa dela ezinezkoa dirudiena lasaitasun osoz egin ahal izateko.