Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

KRITIKARIA, BITARTEKARIA

 

      Kritikaria bitartekaria ote da? Zein da kritikariaren rola arte eszenikoetan? Askotan egiten diot itaun hori neure buruari, eta erantzunak egoerak bezain bariatuak izaten dira.

      Kritikariari buruzko pertzepzioa oso desberdina da beste aldean nor dagoen. Eta beste alde horrek bi atal ditu ezinbestean. Batetik, sortzaileen gunea dago —antzezleak, zuzendariak, koreografoak, egileak, gidoilariak…— eta bestetik, ikusleak, ikusleria, publikoa. Arte eszenikoen joko-mahaian denek arriskatzen dute zerbait, asko sarritan. Artistek, konpainiek eta batez ere proiektu horretan dirua, denbora eta ilusioa jarri dutenek hori berori arriskatzen dute: dirua, denbora eta ilusioa. Askotan iruditzen zaigu haiek bakarrik arriskatzen dutela zerbait, baina egiatan, ikusleek ere asko arriskatzen dute arte eszenikoen emanaldi batera hurbiltzen direnean: dirua, denbora, bidaia, beren pentsura bizi direnak norbaitekin uzteko ardura… Egia da arte eszenikoen munduan bizi direnek ordaindu barik ere egingo zutela egiten dutena, baina egia da aldi berean dentistaren fakturak ordaindu behar dituztela.

      Ez gaitezen engainatu: kalitatezko antzerkiak eta dantzak ordu asko eskatzen dituzte, ahalegin pertsonal etengabea, jende askoren partehartzea bakarrizketa soil baterako izan arren, eta horrek guztiak ordaindua izatea eskatzen du. Argi izan dezagun. Beste aldean ere, onar dezagun ikusleek beren ahalegina eta beren dirua jartzen dituztela gurean oso prestigio txikia duten arte eszenikoetara joateko, eta batzuetan erdi zapuztuta irteten direla emanalditik, haren kalitate eskasa dela medio.

      Bitartekari kontzeptua aipatu dut hasieran, eta nik uste dut horixe izan daitekeela kritikariaren zereginik behinena: esandako bi gune horiek elkarrekin konektatzea eta elkar hobeto ulertzera bultzatzea. Irakaslea izan naiz nire jardun profesionalean —inork ez dezala pentsa kritikak idaztetik bizi daitekeenik— eta nahiko argi daukat kritikariaren rola hezitzailea izan behar dela. Konstruktibismoaren jarraitzailea naizen aldetik, uste dut ebaluazioa hezitzailea izan behar dela, azken epai batekin dena esanda dagoela uste izatetik urrun. Zeren eta, eredu zaharraren arabera, kritikariak epailearen rola hartzen du, eta niri behintzat ez zait hori oso hezitzailea iruditzen. Nahiago dut sortzaileengandik ahalik eta informazio gehien jaso, ikusleen iritziak emanaldiaren ostean entzun, artistekin eta konpainiekin harreman adeitsu eta aberasgarria mantendu eta prozesu eszenikoaren parte izan. Prozesu eszenikoa aipatzen dudanean ez dut esaten aurretiazko prestaketetan edo agertokian bertan egotea, noski. Horrekin esan nahi dut nire rola prozesu horren parte balitz bezala ikusten dudala, ez estralurtar baten esku-hartze bezala.

      Alde horretatik, kritikariaren rola ispiluarena izan beharko litzateke sortzaile eta konpainientzat, beraiek jakiteko beren lanak, beren proposamenak nola doazen bai alde estetikoetatik bai ikusleenganako konexioaren aldetik. Eta kontrastearena ere bai, uste dudalako ispilu izatea eta kontrastea ematea ez direla gauza bera. Bakoitzak bila ditzala bien arteko aldeak, baina bitartean nik esango nuke ispilu izatea dela sortzaileei eta irakurleei taula gainean egon dena esatea, eta kontrastea ematea dela beste erreferente, egile, talde, edo eszenaratze batzuk aipatzea, irakurleek eta sortzaileek beren ondorio onak ala txarrak atera ditzaten.

      Betebehar horretan bakardade handia sentitzen da, zinez, eta are handiagoa konpainia eta sortzaile batzuek gogo txarrez hartzen dituztenean nire hitzak. Kasu bakar batzuetan “pena sentitu dut, eta lotsa, zure hitzak irakurtzean”, “oso mingarria egin zait zure kritika” eta horrelakoak esan dizkidate behin edo behin. Eta nik uste izanda, zinez, laudoriozko hitzak dedikatzen nizkiela! Jakin izan balute zenbat neke izan nuen haien lan diskutigarrietatik zerbait salbatzeko! Beste behin eraso fisikotik hurbil egon nintzen, haritik ez ninduten jo —edo hankak apurtu, batek daki— haiekin leku euskaldun publiko batean geratua nintzelako beren eta nire irizpideen arteko diferentziak leundu nahian. Inork ez dezala pentsa arriskurik gabeko lanbidea dela besteen gaineko analisiak edukazioz egitea.

      Zorionez, horrelako kasu larriak bakanak izan dira zeregin honetan daramatzadan hiru hamarkadetan. Beste batzuekin desadostasunak izan ditut, normala denez, baina gehienetan garagardo baten bueltan konpondu ditugu, eta argi daukat gehienetan neure trebezia faltagatik gertatu direla, esan beharrekorako tonu egokia aurkitzen asmatu ez izanagatik. Garrantzi handikoa da tonuarena, eta horretan asmatzea ez da beti erraza. Moldeko letrak min handia egin ahal du, eta batzuetan idazten duena ez da horren kontziente izaten.

      Baina zertara nindoan ni? A, bai. Irakurleari zor diodana falta zait. “Kritikaria, bitartekaria” aipatu dut hasieran, eta bitartekaritza horren muinean dago kritikaria emanaldira doan unetik kritika egunkarira bidaltzen duen arteko denbora. Prozesu horretan, kritikariak ikusi egiten du lan eszenikoa, alderatu egiten du aurretiaz ikusitakoekin, kokatu egiten du egile edo koreografo edo sortzaile edo konpainiaren aurretiazko beste lan batzuen artean, sartu egiten du gure mendebaldar kultura garaikidearen parametroetan, deskodetu egiten du taula gainean gertatu dena eta testu bihurtzen du hori guztia, emanaldian egon denak argibide osagarriak jaso ditzan, eta, bide batez, ustezko aditu baten balorazioa jaso dezan, hau da, arestian aipatzen genuen ebaluazioa. Testua, gainera, erakargarria izan behar da, irakurterraza eta dohain batzuez hornitua —erritmo ona, tonu egokia, entretenigarria ahal dela, umore txinparta batzuekin ahal dela…— eta, garrantzitsuena dena, emanaldira joan ez denari ere ideia bat eman behar dio taula gainean gertatutakoaz, edo, dantzaren kasuan bereziki, testua irakurtzeak kritikariarengan sortutako emozio paraleloak eta konparagarriak sortu behar dizkio.