Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
ANTZINAKO ANTZOKIAK
(Berrian argitaratua, 2005eko urriaren 7an)
Antzinatasun klasikoko zenbait leku bisitatu ditut uda honetako oporretan. Kasu gehienetan harri solte batzuk baino ez dira geratzen hiri eta zibilizazio mitiko haietatik eta, gainera, tokirik interesgarrienetan harrien ahotsa baino gehiago turista talde handiena nagusitzen da. Baina zertxobait ahaleginduz gero, posible da oraindik ere aztarna bakartiak aurkitzea eta historiaren lezio isila aditzea.
Neuri ere kezkagarria iruditzen zait nire jarrera, baina urte guztian zehar aretotik aretora ibili ostean, uda ere antzoki klasikoak ikusten eman dut. Bene-benetan ezin dugu jakin nolakoak ziren Sofokles, Plauto edota Euripidesen garaiko emanaldiak, baina hondar haien tamaina eta ugaritasuna ikusita, argi dago teatroaren artea —théatron grezieraz— guztiz pisutsua zela antzinako gizarteetan.
Estetikaren ikuspegitik, gogoeta egiteko modukoa da eraikin haien perfekzio arkitektonikoa: lerro klasikoen dotorezia, neurri erraldoiak eta dimentsioen proportzio ederrak, maskara adierazgarriekin egindako dekorazioak... Ni, baina, beste kontu batek harritu nau gehien, zeren eta garai urrun haietatik ezin izan da gainditu orduko arkitektoek lortutako funtzionaltasuna akustika eta ikuspenari dagokienez. Pentsa dezagun, ordea, zelako zailtasunak ditugun gaur egun aurreko besaulkikoaren burua saihesteko eta zein puntu zentzugabetaraino zabaldu den mikrofonoak erabiltzeko ohitura. Urrunegi joan barik, egunotan Bilboko Arriaga antzokian Mario Gasek zuzendutako Orestiada ikusi dugu, eta hor ere haririk gabeko mikroak izan dira akustikaren jaun eta jabe, benetako ahotsen ñabardurak desitxuratuz eta nahasmenak sortuz, ahotsak eszenako zein puntutatik ote zetozen ez jakitean.
Jakina, antzinako antzokietako abantailen ordaina harrizko jesarlekuen gogortasuna zen, baina ni seguru nago saltzaileak egongo zirela sarreretan kuxinak alokatzen, edo bestela, ikusleek beraiek ekartzen zituztela etxetik.