Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Kasu batzuetan kritikaria eta ikusleria ez datoz bat: hain urrun daude elkarren posizioak, non ezinezkoa egiten baitzait bion arteko zubiak eraikitzea. Nik behintzat bitan ikusi nuen Lu eta Le, aratza eta aurreratua iruditu zitzaidalako, eta nerabezaroan Areetako antzoki txikian (gaur egun, Getxoko Andres Isasi udal musika eskola) ikusi nuen Lourdes Iriondoren kantaldi hura gogoan.
Kita bat Heriorekin
2016ko abenduaren 6a
—ANTZERKIA—
LU ETA LE
Egilea: Bernardo Atxaga. Zuzendaria: Garbi Losada. Musika: Juan Carlos Perez. Abeslaria: Klara Mendizabal. Antzezleak: Ramon Agirre, Joseba Apaolaza. Lekua: Donostiako Victoria Eugenia antzokia. Eguna: Abenduak 4.
Aitor dezadan: Gabon, Txirrita-ren emanaldian jaso genuen antigoaleko naturalismo zaparradaren ostean, beldur nintzen Donostia 2016ren hurrengo ikur-proiektua —Atxagaren Lu eta Le antzezlana— esperimentaziorako joerarik ezagutzen ez zaion Ados konpainiaren esku zegoela jakin nuenetik.
Hortaz, espero apalekin sartu naiz aretora, eta horrela adierazi diot, adeitsu, beti adeitsu den Atxagari berari. Baina emanaldia hasi orduko aldatu zait pertzepzioa, komenientziatik kanpo, modatik kanpo, maldan beheratik kontrako emanaldi baten aurrean geundela konturatu orduko. Hasi naiz arnasa hartzen, ordura arte beldur nintzelako —tontoa ni— usadiozko panegiriko, elegia, gorazarre bati aurre egin beharko geniola, edo bestela Laboaren ondaretzat hainbestek aurkeztu zizkiguten produktu edulkoratu bat zerbitzatuko zigutela, hipergluzemia sortzeko moduko produktu haietariko bat alegia, orain Espainiako Gobernuak zergapetuko dituen sailekoa.
Atxagak, ordea, jakin izan du desafioari eusten, enkarguzko lan batek dakarren sedimentazio falta gorabehera. Alde horretatik, nik esango nuke antzerki-testu bat idatzi beharrean nahiago izan duela bere eremu kuttuna den prosa poetikoaren lurraldean babestu, posizio seguru horretatik ekiteko Lourdes Iriondok eta Xabier Letek osatu zuten bikote-paradigmaren hagiografiari. Nago, bestalde, Lete bihotzean daramaten ikusleek eta Lourdesen nobio platoniko izan zirenek —ni neu barne, 764. zenbakiarekin— nolabaiteko zapuztua hartu dutela, ikustean obran ez dugula Leteren edo Lourdesen kantagintzaren berririk ia jaso. Har bezate kontsolamendutzat egileak artista bien alde intimoenean egin duen murgiltze delikatua, bizitzaren alderik behinenak kontuan hartu dituena, hala nola, gauza guztien gainetik defenditzen den amodioaren sugar hauskorra edota heriotzaren aurrean daramagun borroka desesperatua.
Garbi Losadaren zuzendaritzapean, Ramon Agirrek eta Joseba Apaolazak hartu dute Herioren morroi rola, zein baino zein ganorazkoago, deklamazio eta ahoskera perfektua lagun eta egileak emandako karga sinbolikoaren jabe izanik. Haiekin batera ibili da Klara Mendizabal abeslaria Juan Carlos Perezen konposizio abstraktuei men eginez eta Leteren Nafarroa arragoa bezalako kanta ezagunak muturreraino itxuraldatuz. Egia da irudi proiektatuen pisua gehiegizkoa izan dela eta ekarpen eskasa egin diotela lanaren planteamenduari, batzuen izaera naturalista dela medio, baina eremu eszenikoaren eta jantzien zuritasunak estetika irreal bat sortu dute —espektrala, egilearen hitzetan— eta elkarlanean aritu dira mugimenduen diseinu zehatzarekin eta testuaren esangura metaforikoarekin.
Ezin dut lerrootan testuak eta muntaiak bilatutako kontraste guztien berri eman, baina lan honen izaera hobeto ulertzeko hona hemen egileak bere garaian Anaitasuna aldizkarian idatzitakoa: “Inork ez beza gure berrizaletasuna arrazoinezkoa ez denik pentsa; zeren naturalismoarekin jokatzen duenak pentsatzerik ez baitauka inguruko gizartean eragintzarik lortzea, naturalismo hori ez baita izanen aski boteretsu gizartea transformatzeko edota iraultzeko”.