Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Peter Weiss-en Marat-Sade lan mitikoak izenburu askoz luzeagoa dauka berez, eta beti da mugarri bat haren taularatze bat ikustea. Kritikan aipatzen dudan Kataluniako emanaldia barne, hirutan izan dut obra ikusteko aukera.
Mito bat taularen gainean
1994ko ekainaren 15a
—ANTZERKIA—
PERSECUCIÓN Y ASESINATO DE JUAN PABLO MARAT
Egilea: Peter Weiss. Itzulpena: Miguel Saenz. Zuzendaria: Miguel Narros. Eszenografia: Andrea D’Odorico. Jantziak: Miguel Narros. Argiztatzea: Francisco Leal. Musika: Hans Martin Majewski. Aktoreak: Jose Luis Pellicena, Jose Pedro Carrion, Enriqueta Carballeira, Nuria Gallardo, Gabriel Garbisu, Chema Muñoz, Fernando Sansegundo. Kantariak: Paz Marquina, Denise Perdikidis, Pablo Abraira, Jose Maria Amerise.
1789. urtea, Frantziako Iraultza. 1793. urtea, Maraten hilketa. 1808. urtea: Charentongo eroetxean barneratuta dagoen Sade markesak, ohitura daukan legez, antzerki emanaldi bat antolatu du zoroen laguntzaz. Bertan, Maraten bizitzaren momenturik esanguratsuenak islatuko dira bere pentsamendu iraultzaileak aztertuz. Egia esan, Sadek bazeukan antzezlanak taularatzeko horrelako ohitura, baina aipatutako obra berak ez zuen inoiz idatzi, Peter Weiss-ek baizik, 1963-64. urteetan. Marat-Sade antzezlana laster izan zen ezaguna Europan zehar bere indar dramatiko, originaltasun estetiko eta planteamendu polemikoengatik. Francoren garaian, Madrilen estreinatzen saiatu ziren, baina zentsura zela medio, emanaldiak eten egin ziren. 1982. urtean, Peter Weissen heriotzarekin batera, obraren beste muntaia aparta bat ikusi ahal izan genuen Bartzelonako Romea antzokian, Feliu Formosak itzulita eta Pere Planellak zuzenduta. Oraingo hau dugu, beraz, Estatu espainolean ematen den hirugarren taularatzea.
Edukiaren aldetik aurkako plano anitzak igartzen dira hala testuan nola muntaian: iraultza ala kontrairaultza, Sade eta Marat, erokeria senaren aurka, aldaketak etorriko diren itxaropena edo etsipena egiturak mantentzearen aurrean, teoria eta ekintza, norberaren soluzioa ala irtenbide kolektiboa. Ikusle-antzezleen arteko dialektika eta errealitatea-antzeztuaren artekoa ederki esplotatzen ditu Weissek gainera, Brecht haren maisuaren bide espresionistari jarraituz, gerra, desenkantu, botere, erlijio, sufrimendu eta beste hainbat gairi buruz mintzatzeko. Testua bera hiru plano desberdinetan dago egituratuta, prosa zatiak pasarte errimatuekin eta abestiekin erraztasun osoz tartekatzen direlarik. Musikari dagokionez, aipatzekoa ere bada zuzenean jotzen dutela Charentongo bost musikari eta lau kantari zorok. Weissen obrarentzat espresuki konposatu zen partitura errespetatu izan da bestaldetik, taldeko bi instrumentu gaur egungo posibilitateetara moldatu diren arren.
Eszenatoki itzela, jantzi erakoak, argiztatze aproposa, antzezleen lekualdatze kolektibo nabariak, ia koreografikoak, eta antzezpen sorta ikusgarriak, Sade, Marat, Pregonaria eta Charlotterenak bezalakoak besteak beste. Komentario honi amaiera emateko gogoratu nahi dut Sade markesak antzezlanean esaten dituen hitz batzuk: “Pertsonen arteko harremanak dira aldatu behar direnak; alferrikakoak izango lirateke bestela egin genitzakeen beste aldaketa guztiak”.