Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
KRITIKA HAUTATUAK
Irakurle maitea:
Liburu honetako bultzatzaileetako batek esan zidan behin, nire kritiken hautaketa neuk egin beharko nuela, bestela ez lukeelako beste inork egingo. Arrazoi!
Bi mila bat kritika eta artikulu idatzi ditut dagoeneko, eta ezin izan dut inor konbentzitu haiek guztiak irakurri eta hautaketa egin dezan. Bizitza laburregia da zeregin aspergarri horretan denbora emateko, eta lagunak ez dira inoiz aski haietariko inori horrelako proposamen indezentea egiteko.
Beraz, neu izan naiz kritiken hautatzailea.
Hautatze-prozesuan hirurehun bat geratu zitzaizkidan aurrena. Dena salbatu nahi nuen, euskarazko arte eszenikoen panorama osotu, Euskal Herria bisitatu duten munduko konpainiak aipatu, talde eta lan barietate ahalik eta handiena liburuan batu eta irakurleari eskaini…
Hogeita hamar geratu ziren azkenean.
Aurreko atalean, ordena alfabetikoan agertuko zaizkizu artikuluak, horrela erabaki zuelako ordenagailuaren artxibo-sistemak. Egia esan, gustatu egin zitzaidan algoritmoaren proposamena, horrela zoriz-edo agertu direlako gaiak, anabasa osasungarrian, bizitzan bezala. Kritikak —eta analisi pare bat—, aldiz, ordena kronologikoan aurkituko dituzu, era horretan nolabaiteko eboluzioa igarriko duzulakoan (onerako, espero dut).
Gainera, ordena kronologikoak gaien arteko nolabaiteko alternantzia bermatzen du, irizpide bat izan delako antzerkiaz gain beste arte eszenikoez egindako kritikak ere ahanzturatik erreskatatzea.
Printzipioz, testuak argitaratu ziren bezala geratu dira. Ez ditut nire oraingo iritzien arabera makillatu, baina zuzendu egin dut han-hemenka akats ortotipografikoren bat Euskaldunon Egunkaria-ko eta Berria-ko zuzentzaileen gainbegiratze zorrotzak saihestu zituena. Era berean, xehetasun bat edo beste gehitu dut testuren batean: antzezleren baten izena zehaztu, esaldi ilunen bat hobeto antolatu… Bestetik, testu bakoitzari sarreratxo bat jarri diot, elementu osagarriren batekin hornituz edo emanaldiaren gaineko bitxikeriaren bat aipatuz, horrela zure interesa piztuko dudalako esperantzan.
Ez leitu denak jarraian, amante: ez dut hurrengo eguneko egunkarian irakurri nahi baten bat intoxikatu dela Agus Perezen hogeita hamar kritika bata bestearen atzean irentsi ostean.