Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

LAN, OBRA, IKUSKIZUN, PROPOSAMEN…

 

      Lan, obra, ikuskizun, proposamen… Hainbat izen ditugu arte eszenikoetan taula gaineko produktuak izendatzeko.

      Lan hitza izango zen niretzat ohikoena, orokorrena. Denetarako balio du. Dena izendatzen du, edozein gauza. Berdin esan ahal dugu “antzezlan bat” edo “dantza lan” bat, eta bide batez, ez dut inoiz jakin zergatik ezin dugun “dantzalan” idatzi, hitz biak kontzeptu berean elkartuta. Agian, kontu horietaz dakitenek auzia ebatzi zutenean bazegoen antzezlanik —jakina—, baina dantza beste era batean kontsideratzen zen, dantza herrikoietatik hurbilago, batek daki, eta ez zitzaien bururatu paralelismo asko ezar zitezkeela taula gainera eramaten den antzerki lan baten eta dantza lan baten artean. Kontua da horrela jarraitzen dugula: “antzezlan” batetik eta “dantza lan” bestetik. Ezkondu ezinik.

      Lan hitzak, ordea, badauka berarekin orokortasunak dakarren arazoa: dena esatearena, baina zehaztasun gutxiz. Ez dakit zergatik, beharbada gaztelaniazko eraginagatik izango zen, baina badirudi obra hobeto egokitzen zaiola antzerki eremuko lan bati, batez ere testu idatzitik abiatutako muntaia batean. Esan genezake idazle handiek idatzi dituztela obrak. Iruditzen zaigu ia-ia letra larriz idatzi beharko genukeela obra, eta gero testu horren gainean eraikitako muntaia eszenikoari obra ere deitu behar diogula.

      Eta hor agertu zaizkigu testu eta muntaia hitzak. Testua zer den argi dago, normalean klasikoak izaten dira, duela lau, bost mende idatzitakoak batzuk, xix. mendekoak beste batzuk… ii. Mundu Gerraren ostean konkistatu zituen antzerki-literaturak bere gailur handi batzuk, Miller, Beckett eta beste batzuen testuekin, eta, hala ere, ez da emakumeen izenik guganaino ailegatu. Gurean, Katalina Eleizegi ibili zen obra kostunbristak egiten 36ko gerraren aurretik, eta gerraosteko frankismo betean beste ildo batzuk jorratu nahi izan zituenean, badirudi galdu egin zuela garai hartako ikusleen arreta.

      Muntaia, ordea, gehiago dagokie lan bat eszenaratzeak berarekin dakartzan arloei, zereginei, jardun kosmikoari. Badirudi muntaia esatean zerbait muntatu, armatu, eraiki egin dugula, eta atoan datorkigu gogora taula gainean ikusiko ditugun tramankuluak, egiturak, fokuak, gauzen disposizio eszenikoa. Horrek guztiak osatzen du muntaia, eta horregatik maite dut hitza, idazle, antzezle eta dantzarien atzean beste langile asko egoten direlako horren guztiaren arduradun: antzokiko garbiketaz arduratzen diren emakumeak —eurena bai lanbide feminizatua—, leihatilan hartuko gaituena —hura ere emakumea gehienetan—, konpainia handien kasuan kamioietatik deskargatu eta alderantzizko lana egin duten beharginak —gizonak gehienetan eta desorduetan ia beti—, fokuak instalatu, dekoratuak muntatu, proba teknikoak egin eta, zer esanik ez, makillajeaz eta jantziez arduratu diren guztiak, diseinutik egikeraraino. Zenbat lan, benetan, muntaia baten atzean! Eta ez ditugu aipatu publizitateaz, programazioaz eta kontu burokratikoez —kontratuak, aseguruak…— arduratzen diren langile sufrituak. Omenaldi bat, mesedez, haientzat guztientzat. Muntaketa hitza ere agertu zait aspaldion, eta horretan argiago geratzen da kamioietatik eszenaraino eta bueltan egiten diren lan fisikoen pilaketa, muntaketa. Horregatik nahiago dut muntaia, emaitza eszenikoan zentratuago dagoelako, hau da, muntaketaren eta desmuntaketaren arteko tarteari dagokiolako.

      Orduan, zertarako gorde ikuskizun hitza? Edozein arte eszenikok dakar berarekin ikusia izatearen beharra. Adibidez, Iparraldean ikusgarri erabiltzen dute, eta horrela beste ñabardura bat ematen diote kontzeptuari. Dena dela, lan batzuetan gehiago nabarmentzen da sakoneko mezua, arlo estetiko/plastikoak neurtuagoak dira, eutsiagoak, nahita bilatzen dute nolabaiteko aszetismoa, espartar itxura hartzeraino ia-ia, eta kasu horietan, nik uste, desegokia izango lirateke ikuskizun edo ikusgarri hitzak. Nago adjektibo horiek hobeto datozkiela ikusgarritasunean ahalegin handia egiten duten produktuetarako, eta arlo horietan kokatuko nituzke musikalak eta zirkua, zalantzarik gabe. Emanaldi horiei ez dut batere arazorik ikusgarri deitzeko, gainontzeko arte eszenikoekin alderatuta askoz bisualagoak direlako, eta ikusmenak rol nagusia izaten duelako haien osotasunaren pertzepzioan.

      Emanaldi etorri zaigu azken lerroetan. Nik, behintzat, nahiago dut emanaldi eta ez hainbeste funtzio. Jatorragoa iruditzen zait, bere etimologiak dakarren esangura dela eta.

      Dantza emanaldi batzuk komentatzeko, ikuskizun baliatzen dut, alde efektistak sakoneko mamia baino nabarmenagoak izan direnean, baina dantza lanak izendatzeko, askotan esaten diet pieza, ez dakit zergatik, intuitiboki edo. Euskaltzaindiaren hiztegira jo eta hona hemen 2. eta 5. adieretan dakarrena: 2.ean, “Musika-lan laburra, beste baten zatia ez dena”. Eta 5.ean “Gai baten zatia, osotasun bat eratzen duena”. Tira, ez zaizkit oso argigarri suertatu bi definizio horiek, baina horrela gertatzen da oso gauza orokorrekin. Esate baterako, nork definituko luke ganoraz gauza terminoa?

      Kontua da pieza egokia egiten zaidala dantza lanetarako, eta, kasu berezietan, proposamen askoz interesgarriagoa iruditzen zait. Hitz hori burura datorkidanean, badirudi koreografoak edo sortzaileak zerbait proposatu nahi izan digula, hau da, intentzio bat eduki duela lan hori plazaratzean eta gu-guztiok emanaldira konbokatzean. Proposamen hitza askoz iradokitzaileagoa da, nolabaiteko sotiltasuna dakar berarekin eta, performanceen kasuan ia saihetsezina da hura erabiltzea, performanceak, ezinbestean, ikuslearen erraietara zuzentzen direlako, haren arima interpelatu eta zerbait proposatzen diote, normalean barne-bidaia bat, artistak iradokitzen dizkion bide edo eremuetatik.

      Azken ohartxo bat eskena-ri buruz. Euskara batuaz eszena da hitz egokia —eszena, eszenatokia (agertokia eta taula ere asko gustatzen zaizkit), eremu eszenikoa…—, eta eskena kultismotzat hartu behar dugu, jatorrizko hitza greziera klasikotik etorri arren, gaur egun ez duelako inork erabiltzen, egunean ez dagoen despistaturen batek salbu.