Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Rock Radical Vasco-aren garaietan, Portugaleteko punk talde batek Flying Rebollos hartu zuen izentzat, hango jende jatorrak rebollos deitzen zietelako kaleko galtzada-harri laukizuzenei. Miarritzen izandako dantza-lan honetan urrutitik adreiluak ere botatzen zizkioten elkarri dantzariek beste balentria askoren artean, eta ikusle batzuk haserre joan ziren aretotik.

 

Adreilu hegalariak

 

2015eko irailaren 22a

 

—DANTZA—

WHAT THE BODY DOES NOT REMEMBER

Konpainia: Ultima vez. Koreografia, zuzendaritza eta eszenografia: Wim Vandekeybus. Musika: Thierry De Mey, Peter Vermeersch. Estilismoa: Isabelle Lhoas, Isabelle de Canniere. Argiak: Francis Gahide. Data: Irailak 20. Lekua: Miarritzeko Gare du Midi antzokia. Data: Irailak 20.

 

      Urrezko amaiera eduki du Miarritzeko Maitaldiaren 25. edizioak Wim Vandekeybusen lehendabiziko koreografiaren berreskurapenarekin. Bere sormen mugagabeak bultzatuta, koreografo belgikarrak zero ia absolututik abiatu zuen dantzaren kontzeptua goitik behera irauliko zuen obra, bazterrean utzita ordura arte nagusiak ziren molde hiperteknizistak eta ustezko mistizismo sakonak.

      What the Body does not Remember hark (Gorputzak gogoratu ezin duena) zer esan jakin gabe utzi omen zituen garai hartako ikusleak eta kritikariak, eta gaur egun ere atzo goizean sortua balitz bezala heltzen zaigu, bere energia kontrolagaitzari esker neurri batean, baina batez ere bere izaera apurtzaile, ausart eta erabat askearengatik, inori ere ezer zor ez diona. Eduardo Torroja entseguen zuzendaria eta garai hartako dantzariak hala dio: “Zerbait egin nahi genuen, baina ez genekien zer izango zen”. Jatorrizko definiziorik ezaren ondorioz, lan monumental hau zatika sortua izan balitz bezala agertzen zaigu, baina horrek are nabarmenago uzten du atal guztiak elkartzen dituen asmo sakona, hau da, molde zaharkitu bezain idorrak atzean uzteko gogoa eta piezako partaide guztien engaiamendu sakona.

      Thierry de Mey eta Peter Vermeersch-en soinu-banda erritmiko abstraktua lagun egokia izan da proiektuaren garapenerako, eta agertokiaren diseinu hutsa oso adierazgarria egin zaigu: albo bietan jarritako fokuek zorutik bertatik markatu dituzte argi-lerro garbiak, eta alboetan jarritako arropa-esekitokiek asko erraztu dute lanaren dinamika.

      Zalantzarik gabe, pieza honetako pasarterik aztoragarriena adreilu hegalariena da, zementuzko bloke txiki, ertain eta handiekin jostatu direlako dantzariak denbora luzez, haien gainetik ibiliz, oreka zailak bilatuz, eskultura ezegonkorrak eraikiz eta, agertokiko mutur batetik bestera jaurtiz. Beste kide baten kontra bota dituzte beti, edo norberaren bertikalean, azken unean eta ezustean hirugarren dantzari batek jaso zezan, balizko biktimaren osotasuna txiripaz salbatuz. Konpainia osoa ibili da jolas arriskatu horretan, eta, jaurtigailuei muzin eginez, batzuk korrika zebiltzan eszenatokitik bueltaka, beste batzuek arropak erantzi eta jantzi dituzte, besteren batek jarrera ezinezkoetan egin du lo adreiluen gainetik eta askok probabilitate gutxiko orekak probatu dituzte bizpahiru adreiluzko dorretxoen gainetik.

      Ezin da lerro gutxitan deskribatu maisulan honen aberastasuna: adreiluen jokoaren ostean beste pasarte asko etorri dira, haietariko asko umore handikoak izanik —xukaderekin egindako jolas politak, lumak putz eginez airean mantentzeko saialdiak, aulkian beti oker jesartzen zen gizona...—, baina egilearen gaitasun psikologikoa agerian geratu da eszena berezi batean, gizonek emakumeak gogaitu eta haiek aurre egin dietenean. Eszena esanguratsu horrek garapen konplexua dauka, eta bikain aztertzen ditu ezkutuko indarkeria, dominazioa eta desioa bezalako kontzeptu korapilatsuak. Amaierako tartean ere amorruz dantzatu dute guztiek, saltoka eta indartsu zapalduz dantzarien gorputz etzanak, azken haiek trebezia handiz saihesten zituztela erasoak.

      Gezurra badirudi ere, nolabaiteko polemika sortu du piezak gaur egun ere: ikusleren batek protestaka utzi du aretoa, eta txaloen artean gaitzespen oihu batzuk entzun dira, baina zorionez ikusle gehien-gehienek entusiasmoz eskertu dute proposamenaren ausardia eta konpainia osoaren balentria.