Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
Aurkibidea
Sar hitza, EHAZE
Bi maitasun Mikel Lizarralde
Gustatu egin zaidala igarri omen da
Lan, obra, ikuskizun, proposamen…
Maletak, euritakoak, bizikletak
MOTXILA TEATRALA
Behin, Donostiako Antzerki Ferian motxila txiki bana oparitu ziguten gonbidatu edo parte-hartzaile gisa izena eman genuenoi. Bandoleran eramateko moduko horietako bat, alegia. Garai onak ziren oraindik, eta ez zegoen txarto ikusita horrelako oparitxoak marketin bezala egitea.
Harrezkeroztik motxila teatrala deitu diogu etxean, eta ikuskizun guztietara eramaten dut. Bere sabelean edozein emanalditik bizirik irteteko behar diren lehen sorospenetarako gaiak eta tresneria daude. Hona hemen haien zerrenda:
— Abaniko bat (antzoki batzuetan, Miarritzeko Coliséen eta Bilboko La Fundiciónen bereziki, bero izugarria egiten du uda partean). Behin edo behin alboko ikusleren bati ere utzi diogu, haren bizitza salbatzearren. Gure samaritanismo konpultsiboak ez du gelditzerik.
— Ur botilatxo bat (edo botilatxo bat ur?). Izan ere, etxetik irten garenean botilatxo bat ur izaten da, eta bueltako bidaian, ur botilatxo bat. Orain gutxi irakurri dut plastikozko ur botilak ez direla askotan berrerabili behar. Gureak mila eta bostehun erabilera egingo zituen honezkero. Askotan pentsatu dugu komeni izango zela petaka bat ere eramatea, Havana 7 ronarekin, baina orain arte ez dut proiektu hori gauzatu.
— Hurbiletik irakurtzeko betaurrekoak. Supermerkatu batean erosi nituen eta ez dira nik behar ditudan dioptrietakoak, baina erostean ez nuen ondo kalkulatu… Dena den, ez dut testu luzerik haiekin irakurtzen, bakarrik fitxa teknikoa eta zuzendariak edo bekarioren batek antzezlanari buruz idatzitakoa, laster zeharkatuko nauen erabateko desorientazioan nolabaiteko euskarriren bat aurkitu nahian. Dantza emanaldietan musikaren egilea interesatzen zait bereziki, haren bidez pasagarriagoa edo jasangaitzagoa egingo zaidalako denbora. Dantzari buruzko testuak zeharo kriptikoak izaten dira, eta uste dut horregatik hasi nintzela dantza-kritikak egiten: ikusleari egiptoar hieroglifikoak baino ulergarriagoak izango ziren testuak eskaintzeko. Testu horiek ikusita, uste dut oso lan erraza jarri niola neure buruari.
— Libretatxo bat eta bolaluma bi, notak hartzeko. Antzerkian ez dut ia inoiz notarik hartzen, baina dantzan beti, ideiak eta sentsazioak nonbait finkatzeko, eta zirku-emanaldietan ere bai, batez ere ekitaldiei izena eman eta haietaz banan-banan gogoratzeko. Behin edo behin gertatu zait emanaldia hastekotan egon eta une horretan konturatzea zorioneko libretatxoan ez zegoela jada orri librerik. Orduan hasi dira komeriak: esku-programan idazten hasi, sarrerako tiketean bertan… Ai amaaa!!! A! eta bolaluma bi, badaezpada ere, tinta lehortu edo agortu daitekeelako. Unerik desegokienean betiere, jakina. Azken efektu horiek motxilatxoak sabeleko aurrealdean daukan poltsiko batean doaz, gauza mundanoetatik ondo bereizita.
— Motxilatxoak sarezko bi poltsiko txiki dauzka albo bakoitzean. Batean mukizapiak doaz, eta bestea hutsik egoten da, mukizapi erabiliek leku bat behar dutelako. Izan ere ez dago ondo ikusia mukizapi zikinak edonon botatzea, eta are gutxiago alkate anderea edo jauna palkotik zuri begira dagoenean.
— Azkenik, motxilatxoak poltsiko berezi bat dauka bandolerako tirantean josita. Jatorrizko diseinuan eskuko telefonoa eramatekoa zen —mesedez, hemendik egiten dut dei desesperatua telefono mugikor esapidea behin betiko baztertzeko. Nolatan izan daiteke mugikor telefono bat? Zein erdaldun petori otu zitzaion izendapen memelo hori?—, baina orduko telefonoak ez ziren oraingoak bezain zapalak, eta ez dira poltsiko horretan sartzen. Karameluak gordetzeko baliatzen dut hasieratik bertatik. Behin edo behin aldarrikatu dut kritikarion lan-hitzarmenean jasota dagoela emanaldian zeharreko siestarako eskubidea, baina batzuetan ez naiz konkista sozial horretaz baliatzen, emanaldia zinez interesgarria delako. Arranopola! Kasu horietan nola borrokatu logura, ordea? Alde horretatik, esan beharra daukat teknika ia mistikoa garatu dudala gozokiak batere hotsik gabe zuritzeko, eta bildukia mukizapi zikinen poltsiko berberera doala beti. Arazoa da, ordea, karameluak poltsiko hartan aspaldi ahaztuta geratzen direnean. Emanaldi ez lo-eragile asko ikusi izanaren seinale, egia, baina inurrien erakargarri batzuetan, eta, behin baino gehiagotan, azukrezko ore likitsaren eragile. Kasu horietan ikuzgailura doa motxilatxo maitea. Eskerrak Lalik eta biok motxila bana eskuratu genuela, horrela beti daukagulako beste bat ordezko moduan.
— Azken oharra: gorri kolorekoak dira, oso politak eta, behaketa sistematiko baten ondorioz, esan ahal dut gurea dela Euskal Herri osoan oraindik dabilen motxilatxo bakarra.