Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

NOTARIO LANA

 

      Notario lana ere bada kritikariarena. Norentzat idazten dut? Zertarako? Baten batek irakurtzen al ditu lerro hauek? Folio zuriaren aurrean jartzen zarenean —orain pantaila batek ordezkatzen du folio mitiko hura, eta folio formatua aspaldi desagertu zen A4 orriak ordezkatuta—, beti duzu hor nonbait sakoneko zalantza hori.

      “Gustatuko litzaidake testu hau programatzaileek irakurtzea, ea emanaldian egon garenok baino jende gehiagok ikusten duen datorren astean, hilean, denboraldian… Gustatuko litzaidake irakurleak hemen diodanaz jabetu eta antzezlan hau beren herritik igarotzen denean jendea trumilka joatea antzokira sarrerak erostera, futbola eta erosketa konpultsiboak atzean utzita, leihatilaren aurreko ilara luzeak kalean sortzea, tokian tokiko kultur zinegotziari telefono dei sukoiak egitea, emanaldiaren aldeko paskinak —zer ote dira paskinak?, zelako hitz antigoalekoa…— herriko zuhaitzen enborretan eta kaleko seinaleetan agertzea…”. Hori berori pentsatzen du gazte izan eta kritikari jarduten duen batek. Eta gero datorrenak erakusten dio hainbeste lan eskatu dion kritika horrek, hainbesteko arrakasta mereziko lukeen proposamen eszeniko hark ez duela batere oihartzunik jaso, oharkabean igaro direla haziak basamortuan bezala, inork ez duela ureztatu, zaindu, mimatu, bertan jaio eta bertan hil direla eta nik ezin izan dudala haien alde ezertxo ere egin, haien hiltzea baieztatzeaz aparte.

      Askotan, lasaigarri bezala idazten ditut kritikak, gutxienez konpainiek eta artistek, existitu direlako konstantzia eduki dezaten. Neuretzako eta haientzako azken kontsolamendu gisa. Notario lana ere bada nirea. Hileta lana. Nonbait jasotzea lore horiek, kreatura haiek, oso politak bai, baina ezin izan zirela estreinako emanalditik harago bizi. Kritikariaren lanagatik ez balitz, nor gogoratuko zen haien existentzia galkorraz? Eta zentze-akta ere jasota, zer geratzen da urteak, hamarkadak igaro ahala hainbeste ilusio, ahalegin, sormen, neke batu zuen lan hartaz?

      Sortu eta hil zirenetik hogei, hogeita hamar urte pasa direlarik, itzuliko ote dira bizitzara notario ilun batek pasa den mendean egindako aktarengatik? Argi dago ezetz, baina haien distiraren, ausardiaren, kemenaren gogorapena piztu daiteke berriz ere gugan, joan zitzaigun lagun baten argazkiak, objektuak edo gutunak esku artean ditugunean gertatzen zaigun bezala.