Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

IZENBURUAK GUSTATZEN ZAIZKIT

 

      Izenburuak asko gustatzen zaizkit. Tira, gustatu baino gehiago interesgarriak iruditzen zaizkit. Izenburua testu baten aurkezpen-txartela da, berari dagokio testu barruan irakurleak aurkituko duena iragartzea, eta horrexegatik du erakargarri izatearen obligazioa.

      Beste baldintza batzuk ere bete behar ditu, eta laburra izatea da haien artean behinena. Nik, kontu horretan hierarkia moduko bat ezarriko nuke, piramide baten antzekoa. Goiko erpinean hitz bakarreko izenburuak egongo lirateke: haiek dute indar handiena, hitz edo esapide egokia aurkituz gero. Baina zaila da hitz bakarrean emanaldi batek eman dizuna transmititzea, helaraztea.

      Beraz, bi hitzeko edo, gehien jota, hiru hitzeko izenburuetara jo beharko dugu gehienetan. Esan bezala, ez dute hitz bakarrekoek bezainbesteko indarra, baina efikazak izaten dira hala ere, eraginkorrak. Pentsa dezagun zer den iltze bat mailukada bakar batez egurrean sartzea. Lortuz gero, bikaina da lorpena. Gehienetan, ordea, bizpahiru mailukada beharko ditugu, bizpahiru hitz, baina iltze bat kolpe biz edo hiruz sartuz gero, hori ere ez da marka makala!

      Nik behintzat asko gozatzen dut izenburuen joko horrekin. Beharbada ariketa horixe da testuak idaztetik gehien gustatzen zaidana. Harrigarria bada ere, askotan gai naiz aspaldiko antzezlan bati buruz hizketan egotea eta atoan gogoratzea egin nion kritikaren izenburua. Gure buruaren funtzionamenduak misterio handi bat izaten jarraitzen du. Gaitz erdi, seguruenik bera izango delako gure azken babeslekua.

      Hitz bakarrekoa izateak ez du, ordea, ziurtatzen izenburu borobila edo ondo asmatua denik. Gogoratzen dut nire lehen kritiketako bati Bikain! jarri niola, eta argi dago esapide harekin ez niola emanaldiaren benetako muinari heldu. Izenburu txarra, beraz, hitz bakarrekoa izan arren. Beste batean, aldiz, Beranduegi jarri nion, eta sinetsita nago oso ondo etorri zitzaiola antzezlan haren funtsari eta ikusleek sentitu zuten frustrazioari. Beste batean, ostera, Agamemnonen bainuontziari odola dario deitu zen kritika, eta ez nago batere harro haren emaitzaz: lau hitzekoa izateaz gain, hitz zail pare bat batzen zituen, hau da, lautik bi, eta, nago izenburuak segituan gonbidatu behar duela irakurlea testuan sartzera. Maila intelektualeko irakurleari ez zaio horrekin oztoporik planteatzen, baina irakurle arruntari heldu nahi badiogu, lexikoaren naturaltasuna zaindu behar dugu. Bost hitzeko izenbururik ere atera zait oso noizean behin, eta haien artean Ameriketan goitik sartzen da Ilargia gogoratzen dut, adibidez. Kasu hartan, ordea, nahiko justifikatuta zegoen, desastre eszeniko hartan ilargi handi bat zegoelako bi haga metalikotatik eskegita, eta eguna bazetorrela irudikatzeko, gorantz tiraka desagerrarazi zuten bistatik, astronomiako lege guztiak kolpetik ezabatuz.

      Kontua da, bestalde, izenburuak loturaren bat eduki behar duela testuarekin, eta horrek esan nahi du irakurleak Eulia ikuzgailuan edota Tarzan eta Kleopatra goiburuan irakurtzen badu, eskubide osoa daukala testu barruan horren aipamena edo justifikazioa aurkitzeko. Ez dut horrekin esaten azalpen didaktikoa eman behar zaionik horren inguruan, hobe da-eta era ia subliminalean lotzea izenburuaren amua eta testua. Batzuetan nahikoa da izenburuko hitz berberak esaldi batean berriz agertzea, eta azken esaldian baldin bada, hobeto, horrela nolabaiteko oparitxoa, sorpresa txiki bat, jasoko duelako irakurleak. Baina ezin izanez gero, testuko argumentazioaren une batean edo bestean erabiltzen baditugu, ondo dago hori ere. Dena dela, ez dira beti-beti izenburuko hitzak testu barruan errepikatu behar. Askotan, kritika osoaren ideia nagusia laburbiltzen da goiburuan, eta irakurle finak ondo asmatuko du testua eta goiko elementua elkartzen.

      Emanaldian zehar, beti saiatzen naiz kritikarako goiburu egokia aurkitzen, eta ez badut topatzen, malo. Etxera bueltan ere bila dezaket, baina hobe da lan hori aurretiaz egina ekartzea. Beste batzuetan, ordea, izenburu ustez egokia aurkitu, eta testua idazten dudan bitartean beste bat etortzen zait burura, testuak berak iradokita, dela esaldi baten idazkeragatik dela hasierako ideia orokorretik aldentzen joan naizelako, informazio osagarriak eta elementuen azterketak aginduta.

      Okerrena da batzuetan izenburu irudimentsua aurkitu, mundiala, errepikaezina, mendeetan gogoratuko dena, datozen belaunaldiek ere goraipatuko dutena, eta gero testua beste bide batzuetatik joan eta azken emaitzak batere zerikusirik ez edukitzea ustezko aurkikuntza harekin. Orduan bai zapuztea eta nekeak! Kritika erredakziora bidaltzeko zorian egon eta une horretan konturatu ohi naiz detaile txiki horretaz. Zer egin, orduan? Di-da batean beste aurkikuntza kosmiko bat bilatu? Testuan zehar esaldi artifizial bat txertatu jatorrizko testuari justifikazioa emateko? Kasuan kasu, konponbide bat ala bestea ematen diot, baina onena da —ahal dela— kontua bere horretan uztea, irakurle trebatuak jakin izango baitu elementu bien harreman kriptikoa, misteriotsua, azpikontzientea aurkitzen. Nik lan gutxiago egin eta berak gehiago gozatuko du!