Aititaren betaurrekoak
Aititaren betaurrekoak
Agus Perez
Azaleko irudia: Idoia Beratarbide Arrieta
Diseinua: Metrokoadroka
2021, antzerkia
146 orrialde
978-84-17051-63-1
Agus Perez
1954, Bilbo
 
 

 

Performanceetan ez da argumentu zehatzen beharrik, haietan zenbait arte-mota elkartzen dira, eta nagusiki artisten barne-esperientziek eratzen dute emanaldia. Beharbada, horregatik egiten dira gutxitan performance kolektiboak. Horrek, eta euskaraz jatorriz sortzeak, egiten ditu berezi Oreretako taldearen proposamenak.

 

Jupiter ikusi

 

2013ko martxoaren 17a

 

—PERFORMANCEA—

POZA: ZERGATIK DANTZATZEN DUTE BOSNIARREK?

Konpainia: Metrokoadroka. Parte hartzaileak: Javi Barandiaran, Idoia Beratarbide, Ander Fernandez, Oier Guillan, Asier Sarasola. Lekua: Donostiako Lugaritz aretoa. Eguna: Martxoak 15.

 

      Jupiter ikusi teleskopiotik. Bere xalotasunean, horixe izan daiteke mundu honetan bizi ahal dugun unerik berezienetariko bat. Baina baita ere cava tapoia botilatik askatu eta airetik bidaiatzen libre uztea, edota... puzkerra igogailuan botatzea. Giza ekintza laburren zerrenda horretan, denetariko gauzak aipatu dituzte Metrokoadroka kolektiboko lagunek beren azken lanaren hasieran: batzuek edertasuna, beste batzuek bizipoza adierazi dute, baina haien guztien atzean bizirik irautearen ideia egon liteke, are gehiago hasierako hitzetan Bosniako gerrako izugarrikeriak zerrendatu ostean.

      Hain zuzen ere, herri hartako jendea ezagutu ostean sortu zen ariketa honen abiapuntua, bere izenburu esanguratsuan hain ondo jasotzen denez. Beraz, bizipen lazgarri haiek eta bizirik irten zirenen mina eta poza jarri dira etengabeko kontrastean esaldi, kantu, irudi eta ekintza eszeniko bakoitzean. Eta, horren ondorioz, gu geu ere jarri gara antzezleek bizi izandako ataka berean, beraiek bezala bizitzan sor daitezkeen edertasun apurrak harrapatu nahian, eta bizitzako une beltzek sortutako izua ezabatu nahian.

      Soiltasun handiko eremu eszenikoa paratu dute kolektiboko kideek, gauza materialei ematen dieten garrantzi txikia agerian utziz eta ezer gutxirekin asko egin daitekeela aldarrikatuz. Metrokoadroka kolektiboan zenbait arlotako lagunak biltzen dira eta haietariko bakoitzak bere jatorrizko arlotik —poesia, musika, arte plastikoak, antzerkia...— egin dio ekarpena elkarlan zoragarri honi. Horrela izanik, konplexutasun handia hartu du proposamenak, are gehiago kontuan izanda euren benetako bizipenak txertatu dituztela diskurtsoan, bilaketa kolektiboari partaide bakoitzaren zintzotasuna gehituz.

      Bide horretatik, Oier Guillanen testu kementsuak, Asier Sarasolaren deklamazio gihartsua, Javi Barandiaranen rol artegagarria, Idoia Beratarbideren argi-proiekzio esanguratsuak eta Ander Fernandezen gitarra delikatua elkarren osagarri eta osotasun baten parte izan dira. Gainera, emanaldian zehar hainbat ekintza poetiko gauzatu dira, eta, bitxia bada ere, behin baino gehiagotan gertatu da barregura eta izua bata bestearen ondotik etortzea edo elkarri lotuta agertzea. Izan ere, hori berori izan da kolektiboaren azken xedea, eta argi dago bete-betean asmatu dutela. Hala ere, eta beste edozeren gainetik, edertasunaren bilaketa trinkoa izango da lan honetatik hobekien gogoratu eta sakonen gordeko duguna.